Handik hona

Ailen Echaguibel: "Konturatu nintzen gehiegi idealizatu genuela Euskal Herria"

Jone Arruabarrena 2025ko mar. 31a, 08:00

Erro euskaldunak dituen arren, argentinarra da Ailen Echaguibel (Maciel, Argentina, 1989). Haren aitonaren sorterrira migratu zuen duela zortzi urte: Arrasatera. Bertan bizi da orduz geroztik, bihotza "bi herrialderen artean banatuta" daukan arren.

Izen argentinarra daukazu, baina abizen euskalduna.

Bai. Nire amona Idiazabalgoa zen, eta nire aitona Arrasatekoa. Herriko festa batzuetan ezagutu zuten elkar, Euskal Herrian, eta urte batzuk geroago elkartu ziren berriro, Rosarioko Euskal Etxean, biek Argentinara migratu zutenean. Ezkondu eta seme-alabak izan zituzten; han geratu ziren bizitzen. Uste dut aukera izan zutela Euskal Herrira bisitan etortzeko pare bat aldiz, baina ez zen gaur egun bezain erraza.

Euskal kultura presente izan duzu etxean, beraz?

Euskal kultura presente izan nuen arren, aitona-amonek ez ziguten euskara irakatsi, eta gure aurrean ez zuten euskaraz egiten. Uste dut diktadura garaiko beldurragatik zela. Pena ematen dit, haiekin ikastea gustatuko zitzaidan. Gogoan dut, txikia nintzela, euskarazko hiztegi txiki bat egin nuela, eta liburuxka osatzeko haiei galdetzen hasi nintzela.

Gerora hasi zinen euskara ikasten, ordea.

Bai. Rosariora joan nintzen bizitzera, eta han nengoela sortu zitzaidan euskara ikasteko gogoa. Hango Euskal Etxean hasi nintzen euskara ikasten, nire aitona-amonek elkar ezagutu zuten leku berean. Euskal dantza talde bat ere sortu genuen, eta musean jokatzen genuen ostiralero. Argentinako euskal komunitatearekin bazkariak egiten genituen, baita hainbat ospakizun ere. 2012an Euskal astea ospatu genuen Rosarioko Euskal Etxean, eta oso esperientzia polita izan zen. Hainbat herrialdetatik etorri zen jendea, eta Algortako dantza talde bat ere ezagutu genuen bertan.

Noiz etorri zinen Euskal Herrira?

2014an etorri nintzen lehenengo aldiz, oporretan. Hain zuzen, Euskal Etxeko lagun guztiekin batera antolatu genuen bidaia, dantza taldekoekin. Hogei egun inguru egon ginen Euskadi ezagutzen. Bidaia aprobetxatu nuen Arrasatera etorri eta nire aitonaren familiarteko batzuk bisitatzeko. Nire aitonak bost anaia zeuzkan, eta guztiak joan ziren Argentinara gerra garaian, baina bat gero Arrasatera bueltatu zen, eta bertan zeukan familia. Azkenean, nire lehengusuek konbentzitu ninduten Maritxu Kajoi igaro arte gera nendin, eta hemen eman nituen aste batzuk, lehenago bueltatzea aurreikusita neukan arren.

Zer espektatiba zeneukan Euskal Herriari buruz?

Oso idealizatuta neukan. Euskal Herriari buruzko istorioak entzuten hazi nintzen, Euskal Etxearen inguruan ibili nintzen urteetan... baina hona heldu nintzenean, konturatu nintzen ez zeukala zerikusirik nik buruan neukan ideiarekin. Hemen, nire lagun taldeko inork ez zuen euskal dantzarik egiten, eta, euskara ikasteko esfortzu handia egin nuen arren, jendeak erdaraz hitz egiten zidan; Euskal Etxean egiten genituen gauza haiek guztiak ez ziren ohikoak hemen. Horrek atzera bota ninduen, eta konturatu nintzen, agian, gehiegi idealizatzen genuela Euskal Herria. Gero, beste herri batzuetan egon naiz, kostaldean, esaterako, eta konturatu naiz han jende gehiagok egiten duela euskaraz. Eta uste dut hemen ere hori falta dela.

Hala ere, gero Argentinara bueltatu zinen.

Bai. Urte batzuk geroago, erabaki nuen denbora luzeago baterako etortzea, 2017. urtean. Hala ere, urtebeterako etortzea zen nire asmoa. Oso zortekoa izan naiz, alde horretatik, eta hona etortzea abentura baten gisa bizi ahal izan nuen. Baina inoiz ez nuen pentsatuko epe luzeago baterako hemen geratuko nintzenik. Beti pentsatzen nuen Argentinara bueltatuko nintzela.

Zergatik erabaki zenuen urtebeteren ondoren hemen geratzea?

Asko gustatzen zait Arrasate, eta bikotekidea ere ezagutu nuen. Itsasoa zeharkatzen duzunean eta beste leku batez maitemintzen zarenean, bihotza erdibitu egiten zaizu. Leku batean edo bestean egon, badakit bestea faltan igarriko dudala. Hala ere, nire familia osoa Argentinan dago; bakarrik nago hemen, eta hori oso zaila da. Gaur egun, berriro egin beharko banu, ez nuke egingo, galtzen duzun guztiagatik.

Zer egin duzu hemen daramazun denboran?

Kazetaria eta argazkilaria naiz izatez, baina hemen nagoenetik hainbat tabernatan egin dut lan, baita bidaia-agentzia batean ere. Orain, Programazioa ikasten nabil.

Kulturari dagokionez ikusten duzu ezberdintasunik?

Harreman sozialak beste modu batera kudeatzen ditugu. Hemen kuriosoa da tabernetan adin guztietako jendea elkartzen dela. Argentinan hori ez da gertatzen. Nire gurasoek, esaterako, 60 urte inguru dituzte, eta horrek han esan nahi du ez dutela adinik tabernetara joateko. Hori hemen ez da gertatzen, hemen mundu guztiak egin dezake kaleko bizitza, ez dago adinik horretarako.

Hala ere, asko igartzen dut faltan jendearekin elkartzea. Hemen jendea asteburuetan elkartzen da, edo asteburuetarako uzten dituzte plan guztiak. Han edozein egunetan elkartzen gara, eta norbaiten etxean elkartzen gara denok, esaterako, mate bat hartzeko aitzakiarekin. Etxeak irekiagoak izate hori igartzen dut faltan.

Paperekin arazoak izan dituzu?

Ez; Iloben Legea dela eta, aitona-amona euskaldunak nituenez, nazionalitate bikoitza lortu ahal izan nuen, eta ez dut arazorik izan.

Zer daukazu pentsatuta etorkizunerako?

Orain, geroz eta gehiago igartzen dut faltan Argentina. Hemen gustura nago, baina gustatuko litzaidake han denboraldi luzeagoak igarotzea.

Euskaldunak eta argentinarrak: harremantzeko modu ezberdinak

Harreman sozialei dagokienez desberdintasun ugari ikusten ditu Echaguibelek euskaldunen eta argentinarren artean. "Baliteke argentinarrok irekiegiak izatea, baina hemen jendea oso itxia den sentsazioa dut. Orain, ohitu naiz, baina hasieran asko kosta zitzaidan". Hala ere, esan du taberna batean lan egiteak ate asko ireki zizkiola jendea ezagutzeko orduan. "Behin ezagutzen dituzunean, jendea oso jatorra da, hori ere egia da". Echaguibelek dio "zortea" izan zuela, lehengusuek lagun kuadrilla bat edukitzeko ateak zabaldu zizkiotelako. "Uste dut haiei esker ondo egokitu nintzela hona, baina badauzkat lagunak Euskal Herrira etorri eta gehiago kostatu zaienak, hemen kuadrillak oso itxiak direlako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak