Arrasateko Udalak dagoeneko publikatu ditu lehiaketako oinarriak. "Lanak originala izan beharko du eta kartela osatzeko teknika librea izango da. Parte-hartzaile bakoitzak, beraz, nahi eran egin ahal izango du kartela", azaldu dute udal ordezkariek.
Badira, ostera, errespetatu beharreko oinarri batzuk. Esaterako, kartela nahitaez bertikala izan beharko da eta honako testu hau ere jaso beharko du: 2025 San Juan jaiak Arrasate.
Neurriari dagokionez, eskuz egindako kartelen neurriak 50 x 70 zentimetrokoak izan beharko dira, eta euskarri informatikoan –Pen Drive-ean edo CDan– aurkezten dutenek gutxienez Din A3 tamainako paperean ere inprimatuta aurkeztu beharko dute. "Egilearen nortasuna azaldu gabe eta atzealdean lema bat duela aurkeztu behar dira kartelak guztiak. Horrekin batera, gutun-azal itxi batean lema bera eta egilearen datuak adieraziko dira".
Lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 5a izango da. "Egun horretako 15:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira lanak BAZen", diote. Irabazlea epaimahai bitartez aukeratuko dute eta 750 euroko saria jasoko du hark.