400 bat zuhaitz landatuko dituzte auzolanean martxoaren 22an, Etxezarretako lurretan. "Goiz pasa ederra izaten da, naturan eta lagunartean pasatzekoa. Amaieran, parte-hartzaile guztiei hamarretakoa emango diegu, eta haurrei, mokadutxoa", adierazi dute udal ordezkariek. Haurrek zein helduek parte hartu ahal izango dute landaketan.
10:00etan elkartuko dira, Musakolako San Isidro elizan, eta handik abiatuko dira landaketa gunerantz. "Gomazko katiuskak eramatea gomendatzen da". Azkeneko urteetan hainbat Zuhaitz Egun egin dituzte eta, horri esker, ehunka lizar, gaztainondo, haritz eta intxaurrondo landatu dituzte Garagartzako, Kurtzetxikiko, San Balerioko, Hidalgobasoko eta Antoniñako herri lurretan.
Etxezarreta, garrantzi handiko eremua
Bosgarren urtez, landaketa Etxezarretan egingo dute. "Izan ere, Arrasateko Udalak 2019. urtean erositako 83 hektareako lursail honetatik 63 hektarea, gutxi gorabehera, pinudia izandakoa zen. Dagoeneko, urtetik urtera egindako auzolanen ondorioz, 2,2 hektareako eremua birlandatu da".
Etxezarreta parkea Arrasate ekialdean dago, Musakola auzoan. "Garrantzi handia dauka biodibertsitatearen ikuspegitik, eta Udalak enkargatuta egindako biodibertsitate azterketak ondorioztatu zuen birsortze naturala oso ona dela. Eremu batzuetan harizti kantauriarrari lagundu beharra ere azaltzen zuen azterketak eta, horregatik, azken urteetan haritzak eta hariztietan sortzen diren beste hostozabal batzuk landatu dira".
Askotariko espezieak landatuko dituzte
Aurten landatuko diren espezieak, askotarikoagoak izango dira. Honako espezie hauek landatzea aurreikusten da: 195 haritz (Quercus robur eta Quercus petraea); 24 gorosti (Ilex aquifolim); 24 haltz (Alnus glutinosa); 48 urki (Betula celtiberica); 24 lizar (Fraxinus excelsior); 49 arte (Quercus ilex); 24 astigar zuri (Acer pseudoplatanus); eta 12 basagurbe (Sorbus torminalis).