Jeltzaleek azpimarratu dute herritarren parte-hartzea ezin dela informazioa zabaltzera soilik mugatu. "Informazioa ematea prozesuaren parte bat baino ez da; benetako parte-hartzea herritarrekin erabaki-esparruak partekatzea, dinamika parte-hartzaileak sortzea eta udal erabakietan erantzukidetasuna sustatzea da", nabarmendu du Ander Garay bozeramaileak.
Azken bi urteetan, EH Bildu eta Elkarrekin Arrasateko Gobernuak "aurrekontu parte-hartzaileak ezabatu" dituela salatu du EAJk, "aurreko bi legealdietan alderdi guztien babesa izan zuten eta herritarrei beren proiektu propioak sustatzeko aukera ematen zieten tresna".
Hori dela eta, hainbat eskaera egin dizkio Udal Gobernuari: "Ordenantza egiteko prozesuan udalbatza osatzen duten alderdi guztiek parte hartzea, baita arrasatearrek ere; aurrekontu parte-hartzaileak bezalako funtsezko mekanismoak berreskuratzea, baliabide egokiekin hornituta; eta parte-hartze espazio berriak sortzea, hala nola auzo bilerak egitea aurrekontuak egiteko edo Hirigintza Aholku Batzordeari mugikortasun gaietan erabaki ahalmena ematea".