Parte-hartze ordenantza bat iragarri du Udal Gobernuak 2026rako

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko mar. 5a, 10:25

Martxoko ohiko bilkura egin zuten, atzo, martitzena.

Arrasateko udalbatzak atzo, martitzena, egin zuen martxoko ohiko osoko bilkura, eta Udal Gobernuak iragarri zuen parte-hartze ordenantza bat gauzatuko duela 2026rako. Era berean, Martxoaren 8aren harira, adierazpen instituzionala ere egin zuen Udalak.

Martxoko osoko bilkura baliatuta, parte-hartze ordenantza bat iragarri du Garazi Etxeberria Hirigintza, Trantsizio Ekologikoa eta Mugikortasuna Saileko zinegotziak. "Urte eta erdian hainbat parte hartze prozesu jarri ditugu martxan, formatu ezberdinetan. Halere, ohartu gara, parte hartzeko bitartekoak arautzea garrantzitsua dela. Horregatik, ezinbestekoa dugu parte-hartze bitarteko guztiak jaso eta arautuko dituen ordenantza bat egitea. Udalaren zein herritarren eskura egongo den baliabide bat izatea nahi dugu", adierazi du Etxeberriak.

Ordenantza bera, gainera, herritarrekin batera idatziko dutela nabarmendu du. "Irailetik aurrera iragarriko dugu prozesu. Gaurtik, prozesu hori diseinatu eta gauzatzeko antolaketa lanetan hasiko gara".

Ordenantzaren iragarpena, hein batean, EAJren "desinformazioaren" ondorioa da. "Lehen desinformazio kasua Mugikortasun Planari lotutakoa izan da. EAJk inposaketaren errelatua zabaldu nahi izan duen bitartean, datuek kontrakoa adierazten dute", azaldu du Etxeberriak. Horretarako, Mugikortasun Jasangarrirako Planean erabilitako parte-hartzearen hainbat datu orokor eman ditu.

Bigarrena, jatorriz Udal Gobernuaren plan bat "EAJrena izango balitz bezala saldu nahi izatea" izan da, Etxeberriaren esanetan. "Azpiegitura berdea, klima eta energia plana gauzatzeko, parte-hartze prozesu bat landu genuen eta Hirigintza Batzordean aurkeztu. Hurrengo egunean, Gobernuak prozesu parte-hartzailea iragartzea aurreikusita zuen egunean, EAJk azken orduko prentsaurreko batean plana berea izango balitz bezala aurkeztu zuen", nabarmendu du, zera gaineratuz: "Uste dugu politikan gutxieneko joko arau batzuk errespetatzea ezinbestekoa dela, tartean, ondokoaren lana errespetatzea".

Martxoaren 8aren harira, adierazpen bateratua

Maider Morras, Maitane Muñoz, Gladys Fernandez eta Johanna Sanchez.

Era berean, Martxoaren 8aren harira, adierazpen instituzionala egin zuen Arrasateko Udalak, hainbat konpromiso hartuz. Honako hauek dira, besteak beste, hartutako erabakiak: Berdintasuneko koordinazio mahaiaren baitan lan egiten jarraitzea, gobernantza eredu parte-hartzaile eta demokratiko bat garatzeko asmoz;  Mugimendu Feministarekin batera Zaintzen aldeko Herri Akordioarekin bat egin eta landutako puntuak espazio partekatuetan aurrera eramatea, zaintza mahaietan, besteak beste; Berdintasun zein Barne Planen bidez, gobernantza ereduaren inguruan lan egitea eta emakumeen boteretzea sustatzeko bideak ezartzen jarraitzea;  Jabekuntza Eskolei eta Emakumeen Etxeei behar adina baliabide bermatzea; eta Euskal Herriko Mugimendu Feministak Faxismoaren kontra ausardia eta aliantza feministak! lelopean herrian bultzatuko duen dinamikarekin bat egitea eta Martxoaren 8ko deialdiak babestea, herritarrei bertaratzeko deia eginez.

Adierazpena, osorik, hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak