"Ausardia eta aliantza feministez armaturik" hartu dituzte kaleak Arrasaten

Hasier Larrea 2025ko mar. 8a, 19:24

Urtez urte kalera ateratzeko dituzten arrazoiak gehiago direla azaldu dute Arrasateko mugimendu feministako kideek, "badelako garaia emakume, trans eta bollerok jasaten dugun zapalkuntzekin amaitzeko".

Seber Altubetik Herriko Plazarako ibilbidea egin dute ehunka lagunek, mugimendu feministaren aldarriekin bat eginik. Eskuinetik datorren jarrera erreakzionarioa ez dela mugimendu estanko bat zehaztu dute manifestazioaren bukaeran: "Ezkerreko sektore batzuetan ere ari gara ikusten feminismoarekiko kontrakotasuna edota diskurtso arrazisten gorakada". Jarrera eta posizionamendu belizistek ere indarra hartu dute azken urteetan, eta horrek zuzenean gure gorputz eta lurraldeen aurkako zapalkuntzak areagotzera garamatza. Indarkeriak dituen askotariko espresioen gorakada dakar horrek, eta guk, horren aurrean indarkeriarik gabeko bizitzak izateko eskubidea nahi dugula aldarrikatu nahi dugu".

Hiru ardatz nagusi aipatu dituzte hitzartzean. Lehena, indarkeria matxistarena; bigarrena, krisi ekosozialarena; eta, hirugarrena, "egungo sistema arrazista eta koloniala betikotzen dituzten migrazio politikena ".

Munduan barrena hainbat gatazketan borrokan eta erresistentzian dabiltzanetaz ere gogoratu dira: "Hemendik gure babes eta elkartasun osoa; Palestina, Sahara, Kurdistan...besarkada bana Euskal Herritik".

Aliantzak eraikitzen jarraitzeko elkartasuna aldarrikatu dute, azkenik: "Batu ditzagun indarrak herri eta jendarte feminista bat eraikitzera bidean. Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministez armaturik gaude".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak