Lilabideren lehenengo edizioa, iazkoa, "arrakastatsua" izan zen, eta aurten berriro antolatzeko hautua egin dute Sasoibideko kideek; gainera, parte-hartzea gainditu dutela nabarmendu dute, 130 lagun bildu baitira gaur goizean eginiko martxan –iaz, 80 izan ziren–. Era horretan, "emakumeak hemen daudela eta indarra dutela" adierazi nahi izan dute, Itsaso Nuin antolatzailearen hitzetan: "Talde moduan badakigula antolatzen, eta adin ezberdinetako emakumeak bildu gaitezkeela helburu jakin baten bueltan".
Biteri Plazatik abiatu dira parte-hartzaileak 11:30ean, aurretik eginiko zumba saioan beroketak egin ondoren, eta 12:30ak aldera iritsi dira plazara, batukadaren doinuek lagunduta. Ekitaldia egin dute bukatzeko, omenaldi bat eginez.
Jone Bergaretxe eta Hirune Iribecampos
Jone Bergaretxe eta Hirune Iribecampos omendu dituzte aurtengo Lilabide martxan. Margari Gorrotxategi Sasoibideko kidearen arabera, "emakume bereziak" dira, nork bere bidean eginiko ekarpenak gogoan izanik. Azaldu duenez, Bergaretxe hamazazpi urtez izan da Uribarriko auzo alkatea, eta "aipamen bat merezi" du: "Herriko ondarea eta historia mantentzeko grina erakutsi du urtetan; pentsa, liburu bat ere idatzi du. Sasoibidekook berarengana jo izan dugunean beti jaso gaitu esku zabalik". Bestetik, Iribecamposi ere aitortza egin nahi izan diote, "emakume sortzailea" dela nabarmenduta: "Martxari izen bat jartzeko laguntza eske joan ginen berarengana, eta berak sortua da Lilabide izena; beti dago laguntzeko prest, eta zorretan gaude berarekin".