Arrasateko bi ikastetxeak bigarren urtez batu dira Inauteriak ospatzeko

Ibai Irasuegi Garai 2025ko mar. 4a, 18:15

Arrasate Herri Eskolako eta Arizmendi Ikastolako ikasle eta irakasleak hiru gune desberdinetan batu dira bigarren urtez ospatu diren Inauteri bateratuetan, hezkuntza komunitatea batzeko helburuarekin.

Arrasate Herri Eskolako eta Arizmendi Ikastolako haurrek inauteri bateratuak ospatu dituzte gaur arratsaldean, bigarren urtez jarraian.  Pasa den urteko emaitza positiboa izan zela ikusita, aurten, berriz ere errepikatu dute ekintza bateratua. Ekimenaren helburu nagusia bereizketa eta segregazioa ekiditeko hezkuntza komunitate osoa batzea da, eta hezkuntza eta hizkuntza diagnosia lantaldetik egindako hausnarketan, ikastetxeek ekimen bateratuak egiteko beharra identifikatu eta proposamenak abiarazi zituzten.

Horien artean aurkitzen da, Inauteri bateratuak egiteko, Arrasate Herri Eskolak eta Arizmendi Ikastolak aurkeztutako iniziatiba. Hezkuntza eta hizkuntza diagnosiaren lantaldearen parte izan den Arrasateko Udala bidelagun izan dute, eta lanketa honen emaitza hiru gune nagusietan antolatu diren inauteri bateratuak izan dira: Uribe eta San Andresen, Erdigunean, eta Musakolan.

Hiru gune nagusi haurren elkargunerako

Ikastetxeen kokalekuak kontutan izanda, herriko hiru gunetan egin dira ekimenak, eta gune guztiek egitarau berdina izan dute; ikasleak, ikastetxez-ikastetxe joan dira kalejiran batzen eta gune bakoitzeko plazan pregoia bota eta dantza eginez ekitaldiari amaiera eman diote.

Uribe-San Andres guneak Maiatzaren 1a plazan amaitu dute, Erdiguneko guneak Jose Maria Arizmendiarreta plazan, eta Musakolako guneak San Isidro plazan. Behin plazan, Arrasate Herri Eskolako eta Arizmendi Ikastolako ikasle banak pregoia bota, eta dantzaldiari ekin diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak