Emakume Txokoak eta Arrasateko Udalak Martxoaren 8ko kartela eta egitaraua aurkeztu dituzte. Kartelari dagokionez, aurten ere ez dute lehiaketarik egin eta Lexuri Doyaguek egin du. "Azken urteetan, emaitza ez zen nahi bezalakoa izaten ari, eta kartela Arrasateko emakume artistei enkargatzea erabaki genuen iaz. Ondorioz, herriko emakume artistekin lan egiten jarraitzen dugu", azaldu du Maider Morras alkateak.
Doyaguek, bestalde, horrela azaldu du kartelarekin transmititu gura izan duena: "Azal beraren azpiko milaka hazi gara, elkarren ondoan estu bilduak, ezberdinak baina kideak. Taupadaz taupada, elkarren ondoan ari gara esnatzen, ernaltzen, elkarri entzuten eta elkarri irakasten…intimitatean kozinatutakoa mundura ateratzera, munduari erakutsi eta irakastera".
Hori guztia islatzeko, granada bat erabili duela gehitu du: "Granadak pasioa iradokitzen digu, sentsualitatea, baina baita indarra eta bortizkeria ere. Irudi horren bidez transmititu nahi izan dugu aurtengo Martxoaren 8ko mezua ere".
Egitaraua, elkarlanean
Amets Beltran de Guevara Berdintasun teknikariak azaldu duenez, elkarlanaren emaitza da egitaraua, eta zapatuan bertan abiatuko dute, emakume artisauen eta bertako ekoizleen azokarekin. Seber Altuben egingo dute, 10:00etatik 14:00etara, eta emakumeek sortutako artisau lanei eta emakumeek ekoiztutako bertako produktuei plaza eskaintzea da helburua.
Hala, 24 postu egongo dira azokan eta, besteak beste, ogia, eztia, gazta eta askotariko gozoak egongo dira. Artisauei dagokienez, mota eta material ezberdinez egindako bitxiak, kakorratzez egindako arropak, poltsak, xaboiak, ukenduak eta abar izango dira. Era berean, haurrendako tailerrak eskainiko ditu Txatxilipurdik. "Aurpegiak margotzeko aukera eskainiko zaie haurrei eta gazteei, eta baita txapak egitekoa ere".
Halaber, 11:30ean, Lilabide ibilaldia egingo dute, Sasoibideren eskutik. Bost kilometroko ibilaldia izango da, emakumeei zuzenduta egongo dena eta Biteri plazatik abiatuko dutena.
Arratsaldean, aldiz, manifestazioa egingo dute, Arrasateko Mugimendu Feministak deituta. Hala, 18:00etan Seber Altube plazatik irtengo dira, Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministak! lelopean. Plazan bukatuko dute eta, ostean, triki-poteoaz gozatzeko aukera izango da.
21:00etan, Zuk ekarri, zuk jan afari herrikoia egingo dute Uarkapen. "Afarirako tiketak bihar, martitzena, bi euroren truke banatuko ditugu Portaloian jarriko dugun postuan", azaldu dute Arrasateko Mugimendu Feministatik. Gaualdia dantzan amaitzeko, 00:30ean hasita, jaialdi feminista egingo dute Irati Topalekuan, DJ Putzuren eskutik.
Beste bi emanaldi, aurrerago
Martxoak 14an, Luchadoras antzerki emanaldia izango da Juan Arzamendi Musika Etxeko auditorioan, 18:30ean, Carla Novi zuzendari eta antzezlearen eskutik. Azkenik, martxoaren 31an, Nola erantzun sexu-indarkeriaren inguruko zarata mediatikoaren aurrean? solasaldia egingo dute, hausnarketa sustatzeko helburuarekin. Horretarako, Idoia Arraiza gonbidatu dute. Besteak beste, Emagin elkarteko kidea da, ikerlaria, ekintzaile feminista eta indarkeria matxistan aditua.