Puntua aldizkariaren 445. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Ilusioz eta beldurrez. Horrela hartu dituzte euren lehenbiziko ordenagailuak Saharako kanpalekuetako ikasleek. Arrasatetik bidalitako ordenagailu gorriek bete dituzte hango ikasgelak azken asteotan, bi urteko prozesuaren ondoren. Ikasleek ikasleentzat, eta ikastetxeek ikastetxeentzat. Ikasle eta ikastetxe ezberdinak dira itxuraz, munduko leku ezberdinetan daudenak. Baina denak ikasteko grinari lotu dira, elkartasunaren bidez. Hori du oinarrian Arizmendi Ikastolako ikasleek Saharako kanpalekuetako ikastetxeekin batera gauzatu duten proiektuak. Ikastolak sortutako Birziklanet proiektuaren bidez, bertako Mikroinformatika graduko ikasleek zaharkituta zeuden ordenagailuak egokitu eta hobekuntzak egin dizkiete, erabilgarri egon daitezen, eta Saharako kanpalekuetako haurrei bidali dizkiete.
SALEH SALE: "ORDENAGAILUAK IKUSI DITUZTENEAN, AHO-ZABALIK GERATU DIRA"
Saleh Salek saharar jatorriko arrasatearrak eraman ditu ordenagailuok kanpalekuetaraino, eta hura izan da umeek izan duten erreakzioaren lekuko. Kanpalekuetatik bertatik hartu dio telefonoa PUNTUAri: "Haurrek bazekiten ordenagailuak ekarriko genizkiela, baina ez zekiten noiz, eta ez zuten uste eramangarriak zirenik ere. Lehenengo, ni bakarrik sartu naiz ikasgeletara, eta gero hasi dira ordenagailuak ekartzen. Haurrak, ikusi dituztenean, aho-zabalik geratu dira". Azaldu du bi emozio nagusitu direla gelan: "poza eta beldurra". Izan ere, berrikuntza handia izan da haurrentzat ordenagailuak izatea: "Ez zekiten nola erabili, ez non ukitu. Neskato bati esan diot: 'Sakatu hemen, piztu dadin'. Eta hark esan dit: 'Ez dut nahi! Ordenagailua hondatzen badut, zer?'". Hala ere, Salekek nabarmendu du garrantzitsua dela haurrak ordenagailuetara ohitzen hastea: "Eta horretarako lehen pausoa Arrasatetik iritsi da".
FATMA LABIAD: "UMEEK KOADERNOAK PARTEKATU BEHAR IZATEN DITUZTE ASKOTAN"
Hain zuzen, Arizmendiko ikasleen eskuetan hasi zen ordenagailuen ibilbidea, bertako irakasle Gaizka Erañak azaldu duenez: "Aldundiak zein enpresek emandako ordenagailu zaharrak hartu eta tripak atera behar izaten dizkiete gure ikasleek: hobetu, matxurak konpondu... Eta konturatu ginen hura alferrikako lana zela, ordenagailuak gero han geratzen zirela". Hala ere, Elkartenet hezkuntza elkartearekin harremanetan jarri ziren ikastolakoak, eta, Erañak azaldu duenez, ikusi zuten bazegoela aukera "beste herrialde batzuekin" lan egiteko. Aretxabaletako Yaakar elkartearekin sortu zuten Senegalera ordenagailuak bidaltzeko proiektua, eta gero iritsi zen Saharaldea elkartearen bidez Saharako kanpamentuetara ordenagailuak bidaltzeko aukera ere. Duela bi urte hasi ziren ordenagailuak prestatzen: "Elkartenetek garatutako software libreko Txikilinus programa jarri diegu, eta ikasketa-jokoak zein ofimatikako tresnak ere jarri dizkiegu". Horrez gain, arabieraz konfiguratu dituzte ordenagailuak, eta teklatuko tekletan letra arabiarrak dituzten itsasgarriak jarri dituzte.
GAIZKA ERAÑA: "ZAILA IZAN DA ORDENAGAILUAK KANPALEKUETARAINO ERAMATEA"
Duela urtebete, jada prest zeuzkaten ordenagailuak. Hala ere, zailtasun nagusia garraioa izan da. "Zaila da ordenagailuak haraino eramatea, baina, azkenean, Arrasateko Udalak emandako dirulaguntzari esker lortu dugu", dio Erañak. Salekek bere furgonetan eraman ditu eramangarriak kanpalekuetara, eta Saharako Hezkuntza Ministerioarekin batera banatu ditu.
Kanpalekuetarainoko bidea egiteaz gain, zailtasun burokratikoek ere luzatu egin dute bidaia; izan ere, zazpi egun egon behar izan du Salekek Orango (Aljeria) portuan, ordenagailuek hango segurtasun-kontrola igarotzeko zain. "Garraioaren kontua ez da erraza. Jarraitu beharreko protokolo bat dago, eta geldi egon behar izan dut hainbat egunez". Hala ere, haur sahararren beharrak betetzeko helburuarekin, bidaiak merezi izan duela gehitu du. "95 ordenagailu eramangarri eraman ditut, baita inprimagailu batzuk ere. Lehen, irakasleek eskolatik kanpora atera behar izaten zuten paperen bat inprimatzeko, baina orain eskolan bertan egin dezakete", esan du Salekek.
Behar handiak
Ondo daki zer behar eta gabezia dauden Saharako kanpalekuetako eskoletan Fatma Labiad-ek. Fronte Polisarioko eta Sahararen Euskal Ordezkaritzako kide da, eta kanpalekuetako eskoletan irakasle izan da 15 urtez. "Zailtasun asko daude. Lehenengo eta behin, ez dago eskolako materialik. Batzuetan, umeek koadernoak partekatu behar izaten dituzte, eta eskolatik kanpo haimaren batean geratu, etxeko lanak batera egiteko. Bestalde, edukia ere falta zaigu. Zaila da, esaterako, Internetik gabe edo argazkirik gabe umeei itsasoa zer den azaltzea, inoiz ikusi ez dutelako. Teknologiaren gaineko ezagutza ere falta zaie", azaldu du Labiadek. Ordenagailuekin, arazo horietako asko konpondu egingo dira, azaldu duenez.