Euskal Herriko II. Ekotopaketak aurkeztu dituzte Irati Topagunean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ots. 28a, 08:57

Jauzi Ekolosoziala eragileko bi kide atzo Arrasaten eginiko aurkezpenan. Irudia: Jauzi Ekosoziala.

Jauzi Ekosozialak antolatuta, martxoaren 28an eta 29an egingo dituzte Arrasaten, "ekologismo berria indartzen jarraitzeko eta trantsizio ekosozialerako bidea eraikitzeko elkargunea" izatea helburu. Hitzaldiak, mahai inguruak eta kultur ekitaldiak izango dira, besteak beste.

Euskal Herriko II. Ekotopaketak antolatu ditu Jauzi Ekosozialak, eta egitarauaren berri eman dute Arrasateko Irati Topagunean eginiko aurkezpenean. Trantsizio ekosoziala hobeto bizitzeko izenpean, martxoaren 28an, egubakoitzean, ekingo diete jardunaldiei arratsaldean, eta hurrengo egunetan landuko dituzten gaiak zeintzuk izango diren azaldu dute: "Turismoak dakartzan ondorioak; mugikortasun eredua; euskal gizartearen izaera industriala eta honen norabidea; elikadura burujabetza. Gainera, tartea egongo da gazte ekologisten ikuspuntua jorratzeko eta mugimendu ekologistak behar duen estrategiaren gainean hausnartzeko". Hori dela eta, bertaratzearen garrantzia azpimarratu dute: "Krisi ekosozialak erantzuna behar baitu, eta orain baita mugimendu ekologista indartu eta ekiteko momentua; hala, espero dugu eztabaida interesgarriak sortzea eta jendea zapore onarekin geratzea". 

2022ko udazkenean egin zituzten Euskal Herriko lehenengo Ekotopaketak, Portugaleteko Sastraka Gaztetxean. Euskal Herriko hainbat eragile eta norbanako bildu ziren, eta eragile ekologista bat sortzeko erabakia hartu zuten, "argi" geratu zelako "gai ekologistek eta ekosozialek bazutela lekua euskal gizartean"; hala, Jauzi Ekologistaren lehen harrietako bat ezarri zuten. 2023ko urtarrilean eratu zuten azkenik eragilea, eta iazko maiatzean aurkeztu zuten jendaurrean, asmo izanik "justizia sozialean oinarritutako trantsizio ekosoziala " bultzatzea.

Izen-ematea eta ekarpen ekonomikoa

Izen-emateari dagokionez, eragilearen webgunean egin daiteke zuzenean, eta antolatzaileek adierazi dute orduan zehaztu behar direla bakoitzaren beharrak: hau da, eta otorduak eta lotarako lekua behar den, parte-hartzaileek Uarkape pilotalekuan izango baitute lo-lekua lo zakua eta estera eramanez gero.

Ekotopaketak egin ahal izateko diru bilketa martxan dute antolatzaileek; gutxienez, 2.000 euro lortzea dute asmo, eta 5.000 eurokoa da kopuru optimoa. Hala, dohaintza egin nahi duenak Itsulapikoa webgunean sar daiteke.

EUSKAL HERRIKO II. EKOTOPAKETAK, EGUNEZ EGUN

Martxoak 28, egubakoitza:

  • 17:30. Harrera info-gunean.
  • 18:30. Bi mahai inguru, aukeran:
    • Borroka zaharrak, belaunaldi berriak izenpean, gazte esperientziak eta antolakuntza borroka ekologistan, Fridays For Future Bilbo, ARRAN eta Jauzi Ekologistaren eskutik.
    • Lurra landu, etorkizuna erein izenpean, Ereinda, Isa Alvarez (Baladre) eta Gotzone Zestorainen (Etxalde) eskutik.
  • 21:30. Bertso afaria, gaztetxean, Andoni Rekondo eta Ane Zuazubiskar bertsolariekin; gai-jartzaile lanetan, berriz, Libe Goenaga. 

Martxoak 29, zapatua:

  • 09:00. Gosaria, pilotalekuan.
  • 10:00. Hiru ekintza, aukeran:
    • Non dago frenoa? mahai ingurua, mugikortasun kapitalistaz, David Hoyos, Biziz Bizi eta Uxue Jauregizarren eskutik.
    • Euskal Herria, industria herria? mahai ingurua, burujabetzat, desazkundean eta langileriaz, Mecaner Herriarentzat, Ortzi Akizu eta Gasteizkoak-en eskutik.
    • Porlanomania izenpean, mendi txangoa.
  • 12:30. Tourist come home? mahai ingurua, turismoaren ondorio ekosozialaz, Ana Geranios (Andaluzia), Margalida Ramis (GOB, Mallorka) eta Bizilagunekin-en eskutik,.
  • 15:00. Bazkaria, pilotalekuan.
  • 17:30. Orain ez da berandu izenpean, mahai ingurua, krisi ekosozialaren aurrean antolatzeaz, Eva Villaseca (Assemblea Catalana per la Transició Ecosocial), Ostia/Soulvement de la Terre, Jauzi Ekosoziala eta Bizi-ren eskutik.
  • 21:30. Mikosis eta Ezezez musika taldeen kontzertuak, gaztetxean; ondoren, musika jartzaileak.

Martxoak 30, domeka:

  • 10:00. Gosaria, pilotalekuan.
  • 11:00. Asanblada, Monterron parkean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak