Asteburu ezin hobea izango da honako hau Renata antzezlan berria aurkezteko. Irudimenak, koloreek eta erokeriak domekara arte iraungo dute Arrasaten, aretxabaletarren baimenarekin. Kamikaz Kolektiboaren azken lanak mantenduko du Aratusteetako magia bizirik, Amaia antzoki barruan bada ere.
Renata obra aurkeztera etorriko dira Amancay Gaztañaga, Erika Olaizola, Iraia Elias eta Xanti Agirrezabala aktoreak. Gizarte distopiko batera eramaten duen trama bitxi bezain muturrekoa landu dute elkarrekin: "Jessica Dindon-ek agintzen duen munduan, jendarte osoa doa norabide berean. Pantailaz bestalde bizi dira, estimuluz beteta, ikusten ez den guztia – heriotza, dolua, mina, magia...– desagertzeko arriskura eramanda. Heriotzaren erreinua bera dago larrialdi egoeran, baina bertako izakiek Renata sortzen dute, haien esperantza bakarra".
KONTAKETA HERIOTZA BERA DESAGERTZEAR DAGOEN ESTIMULUZ BETETAKO MUNDUAN KOKATZEN DA
Olaizolak aipatu du hasiera-puntua, eta nola jarraituko duen azaldu du segidan: "Renataren misioa jendartea esnatzea da, behin eta berriz hiltzeko eta berpizteko dohainak lagunduta".
Pertsonaiak eta istorioa sortzeko inprobisazioa hartzen dute oinarri, eta "jolas" horretatik lortzen dute gai sakonak umorez, "ziri eta zaska askorekin", taularatzea. Funtsean, helduentzako areto ikuskizuna da Renata, "begitik eta erraz" sartzen den antzezlan estetiko eta bisuala.
Erronka handiaren fruituak
Kamikazek "azkar batean" ekoitzi izan ditu sormen-lanak hamaika urteko ibilbidean, baina hori salbuespena izan da: "Donostia Saria irabaztetik gentozen Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi lanarekin, eta horrek bultzada ekonomikoa eman zigun hurrengo proiektua epe luzeagoan planteatzeko. Bi urtez ibili gara bulego-lanak eta lan artistikoa uztartzen, eta oso pozik gaude obra berriki estreinatzeagatik eta jada hogei hitzordu lotuta izateagatik".
ZENBAT BURU, HAINBAT JANTZI
Lau aktoreen artean 30 pertsonaia baino gehiago gorpuztuko dituzte oholtzan. Nahaspila horretan, Barbara Raso arropa-diseinatzaileak "ekarpen handia" egin duela nabarmendu du Olaizolak: "Ez bakarrik jantzien aukeraketa estetikoan, baita nola jantzi eta erantzi pentsatzerakoan ere. Izan ere, une oro gabiltza arropak eranzten eta jartzen".