Arrasateko 6 eta 18 urte arteko herritarren egoera "bereziki zaurgarria" da gaur egun, Udal Gobernuaren irakurketaren arabera. "Hori dela eta, herritar horiei laguntzeko gure ekarpena egiteko borondatea dugu eta, horretarako, Elhuyarrekin lankidetza bideratu dugu", adierazi du Jasone Giraldok, Ongizate zinegotziak.
Diagnostikoaren fasea 2024ko azaroan abiatu zuten, datu bilketarekin eta elkarrizketekin, eta gaur aurkeztu dituzte lanketa horretatik ateratako ondorioak, baita datozen asteetan egingo dituzten "hausnartzeko komunitateak" ere.
Elhuyarreko teknikari Taxio Arrizabalagak eman ditu ikerketa prozesuaren xehetasunak. "Datu kuantitatibo eta kualitatiboak bildu ditugu, Arrasateko haur, gazte eta nerabeen osasun mentalaren argazki ahalik eta errealena izateko", azaldu du.
Datu kuantitatiboak erakunde nagusienetatik jaso dituzte. "Batetik, Arrasateko haur eta nerabeen datu demografiko orokorrak jaso ditugu, udal erroldako datuak oinarri izanda: biztanle kopurua, adina, jaioterria, bizilekua eta abar. Bestetik, Osakidetzak emandako datuak, orokorrak zein horrelako patologiaren bat izan duten kasuen zenbatekoa, baita psikofarmakoen preskripzioa eta bilakaera ere. Azkenik, Arrasateko Udalaren adikzioen prebentziorako programak emandako datuak, haur eta nerabeen kontsumo-ohituren, kontsumitutako sustantzien eta adikzioa sor dezaketen praktiken inguruan".
Datu kualitatiboei dagokienez, elkarrizketa edo galdetegi bidez eskuratu dituzte. Arrizabalagak azaldu duenez, ikastetxeetako gazteei galdetegi anonimo bat zabaldu diete eta, era berean, haur eta nerabeekin lan egiten duten profesionalei elkarrizketak ere egin dizkiete. "Udaleko zerbitzu eta programa ezberdinetako hezitzaileak, ikastetxeetako orientatzaileak, Osakidetzako profesionalak eta herriko eragile sozialetako ordezkariak elkarrizketatu ditugu", dio. Azkenik, herriko psikologoei hainbat galdera egin dizkiete.
Ondorioak, hiru sailkapen nagusitan
Arrizabalagak nabarmendu duenez, diagnosiaren ondorioak hiru sailkapen nagusitan banatu dituzte. Batetik, testuinguru globalaren eta errealitate partikularren eragina. "Gizarte osoari eragiten dioten zapalkuntza egoerak haur eta nerabeengan ere erreproduzitzen dira, horietako zenbait egoera bereziki zaurgarrian utziz. Migrazioaren ondoriozko zapalkuntzak, emakume eta genero disidentziak, maila sozioekonomikoak, itxura fisiko ez-normatiboak edota familia desegituratuen kasuak dira horiek".
Bestetik, haur eta nerabeen ondoeza dago. "Pantailen eta sare sozialen erabilerak kudeaketa emozional osasuntsu bat egiteko ezintasunak eragiten dituzte eta adikzioak eragin ditzaketen praktikek eta substantzien kontsumoa orokortzeak ere badakar ondoez emozionalen areagotzea. Horrekin batera, herriko haur eta nerabe kopuruak azken hamar urteotan behera egin badu ere, osasun mentalaren eremuko gaixotasun edo patologien diagnostiko kopuruak etengabe gora egin du, ia bikoizteraino".
Azkenik, Arrasateren erantzuteko gaitasuna nabarmendu du teknikariak. "Ondoez horiei erantzuteko ekosistema sendoa du Arrasatek, baina badaude hobetzeko eta indartzeko beharra duten alderdiak (gainezka dauden baliabideak, nahiko ez diren baliabide publikoak, osasun mentalean alor publikoan baliabide falta eta abar".
Hausnartzeko bi saio martxoan
Lanketaren ostean, komunitatearekin hausnartu gura dute, "diagnosiaren esku-hartze ildoa garatzeko", Giraldoren esanetan. Modu horretan, herritar, guraso eta profesionalekin batera, ekintza plan bat garatuko dute, "arazo sistemikoari, irtenbide kolektiboak" ematen saiatzeko. Saioak Kulturateko areto nagusian izango dira, martxoaren 11an eta 25ean, 15:00etatik 17:00etara.
Martxoan esku-hartze ildoa diseinatu ostean, apiriletik aurrera ekintza plana gauzatzen hastea izango da Udal Gobernuaren ardura.