Herri Inauterien esentzia kalera aterako dute bihar, egubakoitza

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko ots. 27a, 16:43

Arrasateko Txorimaloen eta Kukumarruen Konpartsako kideak, entsegu batean. (Argazkia: Arrasaten Txorimaloen eta Kukumarruen Konpartsa).

Txorimaloak eta kukumarruak protagonista dituzten Herri Inauteriak sortu dituzte Arrasaten, eta gaur, egubakoitza, iluntzean egingo duten kalejira da horren adierazle nagusia; bihar, besteak beste, pregoia, desfilea eta mozorro lehiaketa egingo dituzte.

Herri Inauteriak egingo dituzte aurten, lehenengoz, Arrasaten, herriko kultura eragileen ekimenez, eta Euskal Herriko Aratusteetan oinarrituta. Euskal Aratustearen ezaugarri nagusiak, azaldu dutenez, honako hauek dira: natura eta emankortasuna, rolen iraulketa eta askapen soziala, kultur nortasuna, ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka eta komunitatearen jaia.

Horri lotuta, Arrasaten Txorimaloen eta Kukumarruen Konpartsa sortu dute, bi helbururekin: batetik, funts eta estetika "jatorragoko" Aratusteak bultzatzea, "gaur egun Euskal Herrian bizirik dauden ereduak inspirazio iturri hartuta"; bestetik, dantza taldeentzat eta txistularientzat agertoki berria sortzea.

Bihar bertan egingo duten kalejira izango da konpartsaren lehen agerraldia. 19:00etan Maalako errebaletik abiatuko dira eta 21:00etan Herriko Plazan bukatuko dute, hainbat txokotan dantza egiteko geldialdiak eginda. "Printzipioz, urterik urte egingo dugun performancea izango da. Performance honen zati bat ikuskizuna izango da; hau da, herritarrek modu ez-zuzenean parte hartuko dute, dantza eta musika ikusiz eta entzunez, eta kukumarruen zirikadak pairatuz. Beste zati bat, ordea, parte-hartze aktiboagoa izango da eta nahi duenak parte hartuko du dantzan", azaldu dute.

Ezaugarri zehatzak dituzte

Konpartsaren baitan, txorimaloek eta kukumarruek ezaugarri zehatzak izango dituzte. Txorimaloak dantzariak eta musikariak izango dira. "Talde honek osatzen du konpartsaren erdialdea eta zati serioa. Aratusteen bitasun horretan, txorimaloak dira konpartsaren alde sofistikatua, ordenatua, gizatiarra, arautua eta zibilizatua".

Txorimaloen antagonistak dira, aldiz, kukumarruak. "Pertsonaia groteskoak dira, dantzarien inguruan dabiltza jendea zirikatzen jokabide adeigabe eta lotsagabearekin. Kukumarroak dira natura, basatasuna, legerik eza, transgresioa eta kaosa".

Konpartsa sortzearekin batera, Txorimaloak eta kukumarruak izeneko musika eta dantza berezia ere sortu dute gaurko egunerako. "Kalejira egiteko sortua da; hau da, herrian puntu batetik bestera joateko. Kalejirako musikak eta dantzak bi zati desberdin ditu. Bi zati kontrajarri horiekin, goian xehatutako bitasuna irudikatu nahi dugu".

Egun nagusia, zapatuan

Bihar, kalejiraz gain, Arrasate Musikaleko ikasleen Aratuste-kontzertua ere egongo da, Amaia antzokian, 18:30ean. Biharko egunari dagokionez, betea izango da. 12:00etako pregoiaren ostean, desfilea eta mozorro lehiaketa egingo dituzte, askotariko sariekin. Gero, 14:30ean mozorro paella egingo dute, Arrasateko Haur eta Guraso Asanbladak antolatuta, eta 200 bat herritar elkartuko dira Kulturolako aterpean. Bazkalostea girotzeko ardura Arrasate Musikaleko txarangak izango du, 18:30ean hasita, eta Bide Batez taldeak dantzaldia egingo du plazan, 19:30ean eta 22:30ean.

Martitzena ere betea dator

Aratusteetako martitzenean ere askotariko ekintzak izango dira. Ikasleen emanaldiaz gain, Txatxilipurdik disko-festa egingo du, 17:00etan, Biterin eta, ordu berean, Txanpon baten truke pailazo emanaldia izango da Amaian. Arrasateko Erraldoien eta Kilikien Konpartsa ere kalean ariko da, baita Samasiku txaranga ere. 21:00etan, ohi moduan, sardina-ehorzketa egingo dute plazan, eta, jarraian, Nemux taldearen disko-festa egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak