Puntua aldizkariaren 444. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Joan den domekan, otsailak 23, estreinatu zuten, Floridan, Beatriz Arzamendiren obrarik berriena. Ibilbide luze baten hurrengo pausoa izango da, baina seguru ez dela azkena; horixe ondorioztatu daiteke, konpositore moduan sentitzen dituenak jakinda.
Nola bizi dituzu zure obra baten estreinaldiak?
Niretzat oso hunkigarria da nire musika joko dutela jakitea; batez ere, hain urrunekoak diren tokietan izaten denean. Saiatzen naiz horrelakoetan bertan egoten, baina oraingo honetan, adibidez, ezinezkoa izan da. Floridan, Carlos Vidal biolontxelo-jotzaile bertutetsuak eta Estibaliz Gastesi eta Marcio Bezerra piano-jotzaileek osatutako bikoteak jo dute nire lana. Gastesik eta Bezerrak urte asko daramatzate Ameriketako Estatu Batuetan; nire obraren inguruko interesa adierazi zuten bere momentuan, eta, gaur egun, nire lan pila bat jotzen dituzte: bai lau eskutara, baita bi pianoarekin ere.
Zer esan diezagukezu obra berriaz?
Berez, aurreko obra baten bertsioa da. Cuaderno de viaje de Nerea du izena eta pertsona oso berezi bati eskainitakoa da. Duela urte batzuk jakin nuen Arrasate Musikaleko ikasle bat, Nerea Remiro, une larria bizitzen ari zela: gaixorik zegoen eta askotan egon behar izaten zuen ospitalean. Haren bideo bat ikusi nuen ospitalean abesten, musika haren pasioa zela esan zidaten eta horrek arima ukitu zidan. Hala, haren alde zer egin nezakeen pentsatzen hasi, eta bururatu zitzaidan obra bat idaztea eta hari eskaintzea, bizitzen ari zen egoera gogor hartan musikak hegan egiten lagun ziezaion. Piano berean lau eskutara jotzeko obra bat da, eta, Pragan estreinatu ostean, Madrilen ere jo izan dute; bertsio honek duen berritasuna da biolontxeloarekin jotzeko ere egokitu dela.
"PAPER ZURI BATEN AURREAN JARTZEAK BETI ERAGITEN DU BERTIGO HANDIA"
Nolakoa da obra bat sortzeko prozesua? Sorginen soinua izenekoa idazteko, esate baterako, liburu pila bat irakurri eta pelikulak ikusi zenituen.
Paper zuri baten aurrean jartzeak beti eragiten du bertigo handia. Idazten hasi aurretik, nik irakurri egiten dut, edo arte-erakusketa batera joaten naiz, nire sentiberatasuna aktibatzeko. Hortik abiatuta, aipatu duzun Sorginen soinua obrarako, adibidez, beti gustatu izan zaidan sorginen munduaz, mitoen, kondairen, sineskerien mundu misteriotsuaz irakurri nuen, eta behin gaian erabat sartuta hasi nintzen idazten. XVII. mende hasieran Baztango haranean eta inguruko eskualdeetan sorginkeriagatik jazarpena jasan zuten emakumeak omendu gura nituen lan horrekin. Horixe da jarraitzen dudan prozesua; uste dut sentibera egon behar dudala nire ideia sortzaileak modu naturalean kanporatzeko. Noiz geratzen naizen idatzitako obra batekin aseta? Uste dut inoiz ere ez zarela erabat aseta geratzen; beti aurkituko dituzu hobetu nahian egin beharreko aldaketak, baita behin obra jo dutenean eta haren ibilbidea egin duenean ere. Obrak beti daude zabalik.
Aita Arrasate Musikalen sortzaile Juan Arzamendi izanda, esan daiteke musikarako predestinatuta zeundela?
Lehen aldiz begiak zabaldu nituenean ere, etxean piano baten soinua entzuten zen. Are gehiago, nik uste nuen hori zela etxe guztietan gertatzen zena. Grupo San Juanen jaio nintzen eta etxeko atea beti zegoen irekita, izan aita abeslari batekin entseatzen ari zelako edo izan piano eskolak ematen ari zelako. Nire neskatila buruan horixe zen etxe guztietako normaltasuna, eta gerora konturatu nintzen ezetz. Aitak Arrasate Musikal sortu zuenetik, bertan egon nintzen ni. Esango nuke Arrasate Musikalen kide izan garen guztiok musikarekin hazi ginela. Alde horretatik, oso hunkigarria izan zen Arrasate Musikalen 50. urteurrenean Orkestra Sinfonikoa zuzentzea, urte asko igaro eta gero pertsona berak elkartu ginelako. Musikari moduan eman genuen gaztaroan musikari eta pertsona moduan hazi ginen.
Nola bihurtu zen musika lanbide? Izan ere, zuk Turismo Enpresa eta Ekintza Teknikari ikasketak egin zenituen.
Eta horren aurretik, Ingeniaritza Informatikoa ikasten hasi nintzen. Betidanik nahi izan dut musikatik bizi, baina garai haietan oso zaila zen Concha Velascok esan ohi zuen "ama, artista izan gura dut" hura gauzatzea. Eta, gainera, nire etxean aitak oso ondo zekien zeinen bizimodu gogorra zen. Behartu ez, baina gonbidatu ninduten beste zerbait ikastera. Erabaki nuen Donostiako Kontserbatoriora joatea eta, bitartean, bizimodua ateratzeko balioko zidan beste zerbait ikastea. Eta turismoarena ondo iruditu zitzaidan, batez ere hizkuntzengatik, banekielako uneren baten atzerrira joango nintzela ikastera. Gradua ikasi nuen, nahiz eta inoiz ere ez dudan horretan lan egin; dena den, jakintza inoiz ere ez dago soberan, eta gurasoak ere gustura utzi nituen, musikarena gaizki irteten bazen baneukalako zerbait gehiago.
"LEHEN ALDIZ BEGIAK ZABALDU NITUENEAN ERE, ETXEAN PIANO BATEN SOINUA ENTZUTEN ZEN"
Zuk musika ikasketak egin zenituenean ez zegoen Musikene; zein ekarpen egin duela uste duzu?
Musikene proiektu handia dela uste dut, eta egin duen ekarpena izan da goi-mailako ikasketetara heltzen diren ikasleek eskaintza akademiko interesgarri eta garrantzitsua dutela. Nire garaian, oso kontserbatorio gutxik eskaintzen zuten nik egin nituen ikasketak. Hasieran, biolin-jotzaile izan nahi nuen, eta hori ikasi nuen Londresen. Musikagile guztiok instrumentu-jotzaile moduan hasi dugu gure ibilbidea. Behin egin nahi nuena konposatzea zela argi izan nuenean joan nintzen Madrilera, eta Konposizioa eta Orkestra eta Abesbatza zuzendaritzak ikasi nituen.
Musika konposatzen, jotzen ala zuzentzen gozatzen duzu gehiago?
Konposatzen; pertsona moduan horretan ikusten dut islatuta neure burua. Ezingo nuke konposatu barik bizi, eta kultura-kudeaketan nabilenetik argiago daukat hori. Izan ere, eskaini dizkidaten proiektu handiekin, aukera izan dut kulturaren kudeaketan sakonago ibiltzeko, baina horrek konposatzeko denbora kenduko zidan. Konposatzeko, denbora eta bakardadea dira beharrezkoak; estudioan erabat isolatuta egotea. Dena den, konposatzetik ezin daiteke bizi, zineman aritu eta arrakasta handia izan ezean; eta orduan ere, kostata. Konposatzea beste jardueraren batekin uztartu behar duzu, eta nik ez dut nire konpositore alderdia sakrifikatu nahi izan hobeto bizitzea ahalbideratuko lidakeen beste jarduera bat hartuta. Konposatzen dudanean naiz ni neu.
Madrilgo Teatros del Canal arte eszenikoen zentroan egiten duzu lan; zertan datza zure eginbeharra?
2009a ezkero, musikaren arduraduna naiz, baita zentro koreografikoaren koordinatzailea ere. Dantza konpainiekin eta koreografoekin harreman handia dut eta nazio eta Europa mailan zentro garrantzitsuenetako bat da: bederatzi areto handi dituen eraikin zoragarria da eta bertatik pasatu dira lehen lerroan dauden koreografo eta konpainia guztiak. Artista moduan aberasgarria da, ikuskizunak nola muntatzen dituzten ikusten duzulako eta hori, nolabait ere, elikagaia delako nire jardunerako, musikarako. Teatros del Canaleko lanak, gainera, nire espazioak ere ematen dizkit; han ez nagoenean, edo asteburuetan, konpositore jarraitzen uzten dit.
Hamarkadatako ibilbidea egin eta gero, zein puntutan zaudela esango zenuke?
Momentu interesgarri batean, baloratua eta errekonozitua sentitzen naizelako; nire musika jo nahi duen jende asko dago. Donostiako Kursaalean Sorginen gaua entzun ostean, Argentinako pertsona garrantzitsu bat nirekin harremanetan jarri zen: nire musika asko gustatu zitzaion, eta orain obra sinfonikoak eskatzen ari zait. Gainezka samar nago, eta nire bakardadean esertzeko unea ere bada, musika konposatzen jarraitzeko.
"EMAKUMEEK IDATZI ETA ERABATEKO ILUNTASUNEAN EGON DEN MUSIKA HORI GUZTIA ARGITARA ATERATZEKO BETEBEHARRA DUGU"
Bere garaian, Asociacion Mujeres en la Musica elkarteko lehendakariordea izan zinen; nola ikusten duzu emakumeek musikan duten eginkizunaren bilakaera?
Beti izan dut genero kontuen inguruko kontzientzia. Gaur egun emakumeak musikan duen papera errekonozituago dagoen arren, Konposizioa eta Orkestra Zuzendaritza ikasi nituenean oso gutxi ginen horretan genbiltzanak, eta geuk ere ez geneukan horietan ibilitako emakumeen eredurik. Asko kostatu zaigu tradizioz gizonezkoek egin dituzten lanbide horiek normalizatzea. Baina, gaur egunera etorrita, alde horretatik, ez diot garrantzirik ematen emakume izateari, nire gizonezko kideek besteko prestakuntza eta esperientzia ditudalako. Halere, oraindik ere bada garrantzitsua erne eta tinko egotea aldarrikatzen jarraitzeko. Argigarri moduan, nik, esaterako, kontserbatorioko ikaslea nintzela ez nuen inoiz ere emakume batek konposatutako musikarik jo, eta hori esanguratsua da, ikusezin bihurtu diren emakumezko konpositore asko egon dira-eta historian. Emakumeek idatzi eta erabateko iluntasunean egon den musika hori guztia argitara ateratzeko betebeharra dugu.
Zergatik ezagutzen ditugu Beethovenen obrak eta ez gaur egungo sortzaileenak?
Gaur egungo beste arazo bat da hori, eta uste dut hezkuntzatik egin behar den lanarekin heldu behar zaiola. Akaso, umetatik, ikastolan, eskolan edo kontserbatorioan gaur egun idazten den edo duela 30 edo 40 urte idatzi ziren obrak entzutea ahalbideratuko baligute, ezagunagoa egingo litzaiguke. Batzuetan, gauza berriak baztertu egiten ditugu, ezagutzen duguna erosoagoa edo lagungarriagoa egiten zaigulako. Arriskatu egin behar dugu apur bat; altxorrak aurkituko ditugu, berotu eta grinatuko gaituzten obrak.
Zer ezin da falta Arrasatera egiten dituzun bisitetan?
Natura asko gustatzen zait, eta Arrasaten paseatzea gustuko dut, baita inguruan ditugun mendi eta naturagune zoragarrietara joatea ere. Noski, janaria ere asko igartzen dut faltan! Lanak uzten didanean joaten naiz Arrasatera; izan ere, lagun asko ditut bertan, eta, tarteka, antolatzen ditugu gauzak elkarrekin. Informatzaile onak ditut eta Arrasaten gertatzen den guztiaren berri izan ohi dut.