Pianoa doinuak izango dira nagusi Juan Arzamendi Musika Etxean zapatu goizean; izan ere, 09:00etatik hasi eta 14:00ak bitartean, Piano Topaketa egingo dute. Arrasate Musikaleko ikasleak ez ezik, Eskoriatzako, Aretxabaletako, Bergarako, Oñatiko, Soraluzeko eta Legazpiko musika eskoletako piano-jotzaileak ere igoko dira oholtza gainera.
Arrasate Musikalek jakinarazi du sarrera doakoa izango dela, baina, era berean, plazak mugatuak izango direla eta ikasleek eta euren gurasoek izango dutela lehentasuna. Halere, "herritarrei gonbidapena" egin nahi izan die emanaldia ikustera joan daitezen.
80 pianista inguru
Zazpi herritatik etorrita, adin eta maila askotariko 80 pertsona inguruk erakutsiko dute pianoaren aurrean duten abilezia. Piano Topaketa hiru saiotan banatuko da: lehena 09:30ean hasiko da, bigarrena 11:00etan eta hirugarrena 12:30ean. Saio bakoitzean maila eta musika eskola ezberdinetako ikasleek hartuko dute parte, eta bi modalitatetan joko dute instrumentua: alde batetik, pianoa bakarka joko dutenak egongo dira, eta, bestetik, pianoa lau eskutara joko dutenak. "Gehienek bakarka joko dute; guztiek, hamabi piano-jotzailek kenduta. Zailtasunari dagokionez, ez dago ezberdintasun handirik, baina badaude modalitate batean edo bestean gusturago ibiltzen diren ikasleak", dio Arrasate Musikaleko zuzendari eta piano irakasle Marta Izagirrek. Interpretatuko dituzten piezak ere ezberdinak izango dira adinaren eta mailaren arabera, baina, besteak beste, euskal kantak, klasikoak, jazz estilokoak eta Disney-ko abestiak joko dituztela iragarri dute Arrasate Musikalekoek.
Harrera ona
Herritarrek "gustura" ikusten duten emanaldia dela dio Izagirrek, eta ikasleak, gainera, "motibatuta" joaten direla onartu du: "Guk, gehienetan, kurtso bukaeran egiten ditugu emanaldiak, gurasoen aurrean. Modu honetara, gurasoen eta, oro har, herritarren aurrean jotzeko aukera izango dute. Gainera, inguruko herrietako ikasleen lanak entzuteko eta gainontzeko pianistak ezagutzeko ere balioko die". Izagirrek esan du pianoa "arrakasta" izan duen instrumentu bat dela, eta musikari askok "lehenengo instrumentu bezala ez ezik, bigarren instrumentu bezala ere ikasten dute jotzen. Instrumentu aberasgarria dela esan daiteke".