Orain zu izeneko kanpaina jarri du martxan Arrasateko Udalak. "Hala, norberaren osasun eta ongizatea lehenetsi, eta kiroldegiak eskaintzen dituen laguntza eta baliabideak eskaini nahi ditugu", adierazi du Mikel San Miguel Kirol zinegotziak. Azken batean, "2025 arinago, indartsuago, malguago eta osasuntsuagoa" izatera gonbidatu ditu Udalak herritarrak eta, besteak beste, eskuorriak banatu dituzte etxez etxe, kiroldegiak duen eskaintza azaltzeko.
Abonatuta, hainbat abantaila
Kiroldegiko abonuak, kirol instalazioak erabiltzeko aukera emateaz gain, hainbat abantaila dituela dio San Miguelek. "Izan ere, bazkide izateagatik, sarbide zuzena izango du herritarrak hainbat zerbitzutara". Besteak beste, honako hauek dira abantailak: Arrasasoi –hilean behin bazkideei eskaintzen zaien formakuntza edo ekintza–; urteko abonu zozketa –urtero abonua berritzeagatik hamar abonu zozkatzen dituzte–; astean kirol instalazio baten erreserba bat doan; entrenamendu pertsonalerako monitore zerbitzua; kirol ikastaroak merkeago; eta Mugiment kirol txartel birtuala erabiltzeko aukera.
Lau abonu mota daude
Kiroldegian bazkide egiteko lau abonu mota daude: Plus abonua abonu osoa da, gune lehorra eta gune hezea batzen dituena; hezeko abonua, aldiz, kiroldegiko sauna eta barruko zein kanpoko igerilekuetara sarbidea eskaintzen duena; lehorreko abonuak aukera ematen du Musakola, Uarkape eta Iturripeko kiroldegiak erabiltzeko –gimnasioak, pistak, frontoiak, zelaiak…–; udako abonuak, azkenik, udan soilik kanpoko igerilekuak erabiltzeko aukera ematen du. Udal Gobernuak azaldu duenez, pandemian "beherakada handia" izan zuen bazkide kopuruak: "2.000 bazkide inguru galdu ziren urtebetean pandemiaren ondorioz, baina 2024an lortu dugu gerturatzea pandemia aurreko kopuruetara".
Askotariko deskontuak
Abonu horiek ordaintzen laguntzeko hainbat deskontu eta hobari jarri ditu Udalak: "Hobarien sistema zailtasun ekonomikoak dituzten herritar eta familiei laguntzeko ezarri dugu, dirua ez dadin oztopo bat izan kirola egiteko". Honako hobari hauek egongo dira: errentaren araberako hobaria –gutxieneko soldataren arabera, %75eko hobaria–; gizarte larrialdietarako laguntza eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenentzat, %75eko hobaria; gizarteratze prozesuan daudenentzat edota asilo eskaera egin dutenentzat, %75eko hobaria; %33tik gorako desgaitasun maila onartua dutenentzat, %25eko hobaria; ikasleentzat, %25eko hobaria; guraso bakarreko familientzat, %25eko hobaria; eta 65 urte edo gehiagoko pertsonentzat, %25eko hobaria.
Kiroldegia berritzeko lanak 2028an hasiko dituzte
Udal Gobernuak 2023a ezkero hainbat inbertsio egin ditu kirol arloan: Mojategiko atletismo-pista, argiteria eta zelaia berritu; Uarkapeko frontoia berritu eta ordutegia luzatu eguerdietan eta udan; eta Musakolako kiroldegiko sauna, aldagelen zorua eta igerileku txikia berritu, spinning birtuala ezarri eta makina berriak erosi.
Epe motzean, hainbat mugarri ezarri ditu Udal Gobernuak: 2025ean, esaterako, rokodromoa berritu egingo dute, tenis eta padel pistetan mantentze-lanak egingo dituzte, gimnasioko makina berriak erosiko dituzte eta Mojategiko segurtasun-sistema hobetu egingo dute. Halaber, urte amaieran hasiko dira Iturripe berritzen. 2026an Musakolako kiroldegi berrirako proiektua idaztea da aurreikuspena, 2028an lanak hasteko.