Lan-esparruko kontuak, dantzarekin kontatuta

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2025ko ots. 21a, 11:52

Jaiotz Osa eta Xabier Mujika dira 'Lana' dantza ikuskizunaren sortzaileak. Argazkia: Osa+ Mujika.

Osa+Mujika dantza konpainiak otsailaren 1ean estreinatu zuen dantza garaikidea oinarri duen Lana ikuskizuna Amaia antzokian ikusteko aukera izango da bihar, zapatua, 19:30ean; Arrasate.eus atarian eros daitezke aurrez sarrerak, hamar eurotan.

Dantza garaikidea da Osa+Mujika konpainiaren marka, "dantza guztiontzako ulergarria" izateko helburuarekin. "Gure obrek gai sozialak lantzen dituzte; beraz, mezu bat dute eta saiatzen gara mezu hori ikusleari helarazten. Horregatik, ez dira ondo dantzatzen duten dantzariak soilik; pertsona moduan lantzen ditugu. Ondo landutako gidoia dago atzean, guretako garrantzitsua delako eta badakigulako dantza garaikidea oraindik urrin geratzen dela ikusle askorendako. Dantza garaikidea dago gure obretan, baina gainontzeko elementuak ere bai; hau da, eszenografia, iruditeria eta dramaturgia, obrari osotasuna emateko. Bi zuzendari gara konpainian: Xabier Mujika eta biok; Xabierrek eszenografia eta jantzien ardura du, eta koreografiaren arduraduna naiz ni", azaldu du konpainiako zuzendari Jaiotz Osak.

Labetik atera berri den 'Lana' dantza ikuskizuna izango da domekan Amaia antzokian ikusgai, 19:30ean hasita

Mezularitza-enpresa batean

Mezularitza-enpresa batean kokatutako istorioa kontatzen dute. "Lanak gure bizitzan zehar zenbat exijitzen digun hausnartuta sortu genuen ikuskizun berria. Txikitatik hezten gaituzte langile perfektuak izateko, eta ia hil arte irauten du bromatxo horrek. Lau langile eta nagusia dira pertsonaiak, eta langile bakoitzak bere ezaugarriak eta pertsonalitatea ditu. Lantalde batean gertatu daitezkeen egoerak islatzen ditugu obran".

Bost interprete dira oraingoan taularen gainean: Maddi Ruiz de Loizaga, Paula Parra, Rafke Van Houplines, Adrian Bolaños eta Jaiotz Osa. "Aire berriak ekartzeko asmoz, obra bakoitzean lantaldea aldatzea gustatzen zaigu. Rafke Van Houplines eta Maddi Ruiz de Loizaga aurreko obran ere izan ziren, eta beste biak berriak dira".

Gartxot Usainen musika

Idatzitako mezu bat ezik, hitz bako ikuskizuna dela gaineratu du Osak: "Beste obra batzuetan proiekzioak eta offeko ahotsa erabili ditugu; oraingoan, berriz musikaren eta argitzapenaren laguntzarekin sortu ditugu atmosfera edo eszena ezberdinak. Gartxot Usain musikariarekin sortu dugu espresuki obrarako soinu-banda, eta Isa del Moralek argiekin askotariko eszena edo giroak sortu ditu".

Ikusleek "ondo hartua"

Donostian "harrera onarekin" estreinatu zuten, otsailaren 1ean, eta Getxon eta Hondarribian ere eskaini dute. "Oso pozik gaude jasotako erantzunarekin. Asteburuan Elorrion eta Arrasaten izango gara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak