Bailaran bizi diren musulmanek 2013an sortu zuten Annur –arabiarrez argia esan nahi du– elkartea, zazpi lagunen artean, eta gaur egun 80 bazkidez osatuta dago, marokoar, aljeriar, mauritaniar eta pakistandar jatorrikoak gehienak. Komunitateko lehendakariak, Hamid Benhamouk, azaldu du nolako bilakaera izan duten: "Hasieran, errentan hartu genuen meskita funtzioak betetzeko lokal bat, eta 2017an Uriburu kalean erosi genuen beste bat. Izan ere, 2014 inguruan nabarmen ugaritu zen Debagoienera bizitzera etorritako musulmanen kopurua, eta, hortaz, bazkide kopuruak ere gora egin zuen". Horri lotuta, gehitu du Bergaran ere badagoela beste meskita bat, Al Badr –ilargi betea– izenekoa.
Arrasateko meskitak 134 metro karratu dauzka, eta, egoitza erlijiosoa izateaz gain, askotariko ekitaldiak egiteko erabiltzen dute. "Egunerokotasunean otoitz egiteko gunea da, baina jaioberriei ongietorria egiteko eta ezkontzak ospatzeko topalekua ere bada, eskura dugun espaziorik handiena delako. Pentsa, ia 100 lagun batzen gara halako zeremonietan", azaldu du lehendakariak. Asteburuetan, gainera, seme-alabei arabiar hizkuntza erakusteko ere baliatzen dute, "garrantzitsua transmisioaren aldetik, jatorrizko herrialdean dauden aitona-amonak bisitatzera joaten direnerako".
Behar horiek "justu samar" asetzen dituztela ikusita, Uribarri kaleko Ostarku diskoteka erostearen aldeko apustua egin dute berriki. Momentuz, gai horri buruz zuhurtziaz dihardu Benhamouk: "Izan ere, paperak sinatu besterik ez dugu egin; orain, espazioa egokitzeko plana diseinatuko dugu, eta gero etorriko dira obrak. Ea urtebeteko epean lekualdatu gaitezkeen". Eraikina bi pisukoa da, baina, "printzipioz", behekoan egingo dituzte egokitzapenak, 340 metro karratu nahikoa izango direlakoan. Hala, emakumeek otoitz egiteko "gela handiagoa" ere izango luketela gaineratu du.
Elkarbizitza ona
Annur elkarteak bi ekintza nagusi egiten ditu urtean zehar: bata, ramadanaren bukaerako festa, eta bestea, Bildotsaren Eguna. Biak Aldai parkean ospatzen dituzte, Udalari baimena eskatuta. Herritarrekin harreman ona dutela nabarmendu du lanbidez banatzailea den Benhamouk, eta "gustura eta gizarteratuta" bizi direla: "Elkarteko kideon egoera antzekoa da, familia aurrera ateratzeko lan egiten dugu, eta astia daukagunean joaten gara meskitara".