Handik hona

Olga Lucia Restrepo: "Hemengo bizi erritmoak asko harritu ninduen"

Jone Arruabarrena 2025ko ots. 24a, 08:00

Duela bederatzi urte iritsi zen Olga Lucia Restrepo (Kolonbia, Medellin, 1969) Arrasatera. Hasieran, guztia egin zitzaion arrotz; urari ere ez zion ur zaporea hartzen. Urteekin, ordea, Euskal Herriko bizimodura ohitzen joan da: "Kolonbiara bueltatzean, amak esaten dit Europeartu egin naizela".

Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroko Kolonbia?

Indarkeria askoko herrialdea da, baina denetarik dago. Nire familia, oso maitekorra izan da beti, eta lotura estua izan dugu gure artean. Nire gurasoek maitasun asko eman zidaten; 12 urte zeramatzaten batera ni jaio nintzenean. Nire ondoren jaio ziren nire bi anaiak eta bi ahizpak. Oso zoriontsu izan ginen, aita hil zen arte. Orduan, amak ezin gintuen guztiok aurrera atera, eta 13 urterekin lanean hasi nintzen, familia aberats batzuen etxea garbitzen, eta ikasketak utzi zituen. Kaleko indarkeria nabarmen hazi zen garai hartan, eta nire neba txikiena ere hil zen. Azkenean, ikasten duzu jendearekin eta jende hori gabe bizitzen.

Zuk zeuk ere bi alaba izan zenituen geroago.

Bai. Umea nintzenean ezagutu nuen gerora nire mutil laguna izango zena, eta oso gazteak ginenean hasi ginen batera. Jorge zuen izena, eta asko maite genuen elkar. Geroago, haurdun geratu nintzen, eta nire lehenengo alaba jaio zen. Nire amak ezkon nedin nahi zuen beretzako bekatua zelako ezkondu gabe ume bat izatea.

Zuk ere horrela pentsatzen zenuen?

Ez, nik ez nuen ezkontza atsegin. Zergatik garbitu behar nion arropa gizon bati, berak bere arropa garbitzeko bi esku bazituen? Amak beti esan izan dit errebeldea naizela, eta emakumeak esanekoa izan behar duela. Baina ni ez nengoen ados, eta nire alaba jaio eta gero ere, bakoitza bere etxean bizi ginen. Nire alabak urtebete zuenean haurdun geratu nintzen berriz, eta azkenean hartu genuen erabakia ezkondu eta biok batera bizitzeko. Sei hilabeteko haurdun nengoenean, ordea, bikotekidea hil zen, eta bakarrik jarraitu behar izan nuen.  Bi lan lortu nituen, eta nire bi alabak aurrera ateratzea lortu nuen. Familiak ere asko lagundu zidan. Nire nebak aita papera bete zuen nire alabekin, eta oraindik ere oso harreman estua dute.

Nola sortu zitzaizun Arrasatera etortzeko aukera?

Urteak pasatu ziren, eta alaba nagusienak umea izan zuen. Bere bikotekidea Arrasatera etorri zen bizitzera, eta azkenean bera ere hona etorri zen, alabarekin. Ni Kolonbian ondo nengoen, etxea erosi nuen, batxillerra bukatu nuen azkenean, eta igerilekuak garbitzeko formazio bat egin nuen; gustatzen zitzaidan lan bat neukan. Nire beste alaba ere erditu zen, eta oso pozik nengoen hango bizitzarekin. Hala ere, Arrasaten bizi zenak, alaba nagusiak, beti galdetzen zidan ea noiz etorriko nintzen hona, berarekin.

Eta horrela etorri zinen azkenean?

Nik ez nuen hona etorri nahi, Kolonbian ondo nengoen, eta ez neukan aldatzeko beharrik. Hala ere, azkenean konbentzitu ninduen hona bisitan etortzeko, ez bainuen oraindik nire bigarren iloba ezagutzen. Bi hilabeterako etorri nintzen. Hemen nengoela, alaba berriro hasi zitzaidan hemen gera nedin konbentzitzen. Nire laguntza behar zuen, eta faltan botatzen ninduen. Azkenean konbentzitu ninduen. Handik gutxira, nire alaba gaztea ere hona etorri zen, eta beste alaba bat ere izan zuen. Orain hirurak Arrasaten bizi gara, beraien alabekin.

Nolakoak izan ziren hemen eman zenituen lehenengo egunak?

Hona iritsi nintzenean, janariaren zaporea ez zitzaidan gustatzen; oso ezberdina zen. Iruditzen zitzaidan hemengo urak ere beste zapore bat zuela. Iritsi nintzenean euria ari zuen, eta hotza egiten zuen. Nire buruari galdetzen nion: "Jendea kalera ateratzen da horrelako eguraldiarekin?". Kolonbian ohituta gaude euria egiten duenean etxetik ez irtetera. Eta hemen ekaitza baldin badago ere jendeak berdin-berdin egiten ditu gauzak.

Bizi erritmoak ere asko harritu  ninduen. Ikusten nuen hemen jendea harrapaladan bizi zela, alde batetik bestera, beti presaka. Isiltasuna da beste gauza ezberdin bat. Ni orain Arrasaten bizi naiz, eta etxean ez dut ezer entzuten. Kolonbian, aldiz, beti zegoen norbait bozgorailu batekin musika entzuten, kalean zein etxean musika entzuten zen.

Erlijioari dagokionez ere igarri zenuen ezberdintasuna?

Kolonbian asko joaten nintzen elizara, baina hemengo elizan meza erdia gazteleraz ematen da, eta beste erdia euskaraz.  Beraz, ez nintzen identifikatuta sentitzen, ez nengoen eroso. Hutsune bat sortu zitzaidan erlijioari dagokionez. Ez dakit lehendik nekarren hutsune hori, edo handiagoa egin zen hemen. Asko eragin zidan ikusteak hemen hain sinesdun gutxi zeudela. Zaintzen nuen emakumea, adibidez, ez zen sinestuna, eta horretaz hitz egiten genuen. Eta egia da asko balio izan zidala; nik elizaren inguruko irudi fantasiotsu bat nuen, eta hemen ikusi nuen ezetz, hezur haragizkoak zirela. Hemen izan dut beta beste aukera batzuetara zabaltzeko, gauzak zalantzan jartzeko. Eta ez dut uste hori bekatua denik.

Lana azkar lortu zenuen?

Hona heldu eta hilabetera, adineko emakume bat zaintzeko eskaintza egin zidaten. Nik Kolonbiakoak bezalako adineko pertsona bat espero nuen, samurra. Baina gero konturatu nintzen hemen adinekoak gordinagoak direla, oso ezberdinak. Gainera, nik ez nekien hemengo janaria sukaldatzen. Azkenean, berak erakutsi zidan sukaldatzen, eta lagun onak egin ginen, oso pertsona ona zen. Gero, soziosanitario ikasketak egin nituen, zahar etxe batean lanean egon nintzen, eta, azkenean, garbitzaile moduan lana aurkitu nuen. Hala ere, hasieran, ez neukan paperik, eta lan batzuetan horretaz aprobetxatu ziren. Baldintza batzuk ezartzen zizkidaten, baina ahoz, ezer sinatu gabe. Eta geroz eta eginkizun gehiago jartzen zizkidaten, baina inon idatzita ez zegoenez, ezin nintzen kexatu.

Zure egoera erregularizatzea erraz lortu zenuen?

Zaila izan zen. Ohituta nengoen nire herrialdean paper guztiak modu egokian eginda edukitzen. Eta hemen legez kontrakoa nintzela sentitzen nuen; nire buruarekin txarto sentitzen nintzen, zerbait txarra egiten ariko banintz bezala. Etxe hartan barneko langile gisa lanean hasi nintzenean, bertan erroldatu ahal izan nintzen. Baina ez dauka zentzurik: etorkin batek paperak lortu ditzan, gobernuak eskatzen dio hiru urtez erroldatuta egotea, eta lan kontratua izatea. Baina lan kontratua izateko, paperak izan behar dituzu. Nik ez nuen ulertzen, eta oraindik ere ez dut ulertzen.

Euskara ikasi duzu?

Ez. Baina ez dit gehiegizko trabarik eragin ez jakiteak. Hemengo jendeak hitz egiten duenean, pixka bat behintzat ulertzen dut. Nire lau ilobek euskaraz hitz egiten dute, eta beraien artean ere euskaraz aritzen dira batzuetan. Oso hizkuntza polita iruditzen zait.

Kosta zaizu hemengo herritarrengana ohitzea?

Hasieran asko kostatzen da beraiengana iristea. Baina uste dut hemengo historiak ere zerikusia duela horretan. Hemen egon diren gerrek, diktadurak, indarkeriak eta gerraosteko miseriak... eragina izan duela uste dut, eta deskonfiantza eragin duela. Badakit hemengo jende askok ez duela atsegin etorkinak etortzea, baina moduren batean ulertzen ditut. Ni Kolonbian bizi nintzenean ere Venezuelako jende asko etorri zen Kolonbiara bizitzera, eta niri ez zitzaidan gustatu. Uste dut etorkin asko hona etorri garela eta espazio batzuk hartu ditugula, eta bertako batzuek ez dutela nahi espazio horiek hartu ditzagun.

Bazterkeriarik sentitu izan duzu?

Bai, baita arrazakeria eta diskriminazioa ere.

Zertan, esaterako?

Orain, nire ilobekin adibidez, eskolara joaten garenean irakasleekin hitz egitera, ematen diguten tratua ezberdina da. Eta iruditzen zait umeekin ere badagoela ezberdintasun hori. Nire ilobak bizimodu eta kultura ezberdin batera ohituta daude, eta hemen gogor egiten diete.

Euskaldunak: kanpotarrekin itxiak, baina baita zintzoak ere

Gertutasuna botatzen du faltan Restrepok euskaldunen aldetik: "Kolonbian besarkada eta muxu asko ematen ditugu, eta hemen, jendeak ez du horrenbesteko gertutasunik". Uste du euskaldunak "itxiak" direla batzuetan, baina ulertzen duela dio: "Zuen artean itxiak zarete, baina egia da gu gutarrekin, denok garela pixka bat itxiak, hori leku guztietan gertatzen da". Hala ere, alde positiboa ere ikusten dio euskaldunen izaerari: "Oso pertsona zintzoak eta prestuak aurkitu ditut hemen. Baditut hemen jaiotako lagunak, eta badakit baldintzarik gabe nire lagunak izango direla. Asko baloratzen naute, eta baita nik eurak ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak