Taberna batean agertutako kamera dela-eta, Arrasateko emakumeak "jopuntuan"

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ots. 15a, 17:09

Arrasateko mugimendu feministak eginiko elkarretaratze bat, artxiboko irudi batean.

Bilgune Feministaren hitzetan, Euskal Herriko beste hainbat herritako aldagela eta komunetan ere agertu izan dira "intimitatea inbaditzeko" zulo eta kamerak; horrenbestez, ez da lehen aldia: "Jendartearen egitura patriarkala agerian uzten duen gertakari bat gehiago da gure herrian gertatutakoa".

Kamera bat aurkitu zuten hilaren 9an Arrasateko taberna bateko komun batean, eta Bilgune Feministak salatu du "arrasatear ororen kontrako" ekintza bat izan arren, Arrasateko emakumeak jarri dituela "bereziki jopuntuan: emakumeon bizitzak, gorputzak, jarrerak... kontrolatzeko mekanismo bikaina da kontrolarena, eta komunean kamerak jarri izanak eragin hori bilatzen du, zalantzarik gabe". Haren hitzetan, kontrola indarkeria matxistaren eta "estruktura heteropatriarkalaren" ondorio bat da, eta "erabateko kontrol horrek etengabe zabaltzen du" emakumeei zerbait gertatuko zaienaren beldurra. "Izua erabiltzen da emakumeon bizitzak kontrolatu eta menderatzeko. Arriskua, diziplinatzeko. Erruduntasuna, erantzukizuna bandoz aldatzeko".

Indarkeria matxistak, horrenbestez, hamaika aurpegi dituela adierazi dute taldekideek, eta aurpegi guztiak atera behar direla argitara: "Izendatu, izaera eman eta aurre egin. Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko, benetako neurriak eta konpromisoak hartzea dagokigu guztioi. Noski, bakoitzari dagokion lekutik, guztion ardura baita askotariko erasoen aurrean erantzukizunak hartu eta posizionatzea". Hala, Arrasateko hainbat tabernetan dagoen erasoen aurkako protokolo feminista jarri dute adibidetzat, "gure bizitzak askeago bizitzeko ezinbestekoak baitira".

Antolakuntza eta autodefentsa

Emakumeak "subjektu pasibo eta beldurti" nahi dituztela azaldu du Bilgune Feministak, "autodefentsarako gaitasunik gabe"; kontrara, ordea, Arrasateko feministek autodefentsa feministarako deia egin dute, azpimarratu baitute antolakuntza eta autodefentsa izango direla euren "tresna eraginkorrenak: gu ez gara isilduko, lotsa eta beldurra aldez aldatzen hasia da, eta antolatzen eta saretzen jarraituko dugu denak aske izan arte".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak