Prestakuntza bukatuta, hasi dute denboraldia

Julen Murua Mesonero 2025ko ots. 14a, 09:32

Dragoi taldeko hainbat kide, Bergarako Labegaraieta kiroldegian jokatu zen txapelketan.

Arrasateko Dragoi taldeko kadete, gazte eta senior mailetakoek ekin diote denboraldiari. Irailean hasi zituzten entrenamenduak, eta, bost hilabete geroago, Gipuzkoako amateur mailako txapelketan erakutsi dute prestatu duten lana.

Joan den domekan Bergarako Labegaraieta kiroldegian jokatu zen Gipuzkoako amateur mailako txapelketarekin ekin zioten denboraldiari Arrasateko Dragoi taldekoek. Kadete, gazte eta senior mailetakoek jokatu zuten Gipuzkoako txapelketako lehenengo fasea, eta zuzendaritza batzordeko Edurne Elkorok adierazi du "pozik" amaitu zutela egindakoarekin: "Normalean, lehenengo faseak txapelketari eskua hartzeko balio izaten du, eta pozik amaitu genuen. Lan polita egin zuten, urduritasunik gabe". Lehenengo fasea igarota, dagoeneko bigarren fasea prestatzen hasi dira Dragoi taldekoak. Martxoaren 16an jokatuko da, Ibarran, eta, sailkatuz gero, maiatzean jokatuko lukete finala. Horrez gain, laster hasiko dira benjamin, alebin eta infantil mailetako taldeekin, eta Elkorok "hilabete beteak" izango dituz- tela aurreikusten du: "Maiatzera bitartean topera ibiliko gara. Kategoria askotan ditugu taldeak, eta egutegia, otsailean eta martxoan, bete-beteta egongo da".

Iraila ezkero lanean

Denboraldia joan den asteburuan hasi bazuten ere, iraila ezkero dihardute lanean Dragoi taldekoek; izan ere, Gipuzkoako txapelketako lehenengo eta bigarren fasean –eta igaroko balira finalean ere– lan berbera aurkeztu beharko dute –aldaketa txikiren bat egin daiteke–. Horrek eragiten du irailean prestaketa lanekin hasi behar izatea, txapelketetara egoera hoberenean iristeko. "Lehenengo lantzen duguna alderdi fisikoa da: malgutasuna eta indarra, nagusiki. Horrez gain, oreka ere landu behar da, eta erabili beharreko tresnei eskua hartu behar zaie: uztaia, pilota, zinta... Izan ere, adinaren arabera aldatu egiten dira erabili beharreko tresnak, eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu; hori handicap bat izaten da", dio Elkorok.

Taldea, osasuntsu, eta "hazten"

Guztira 155 neska-mutilek osatzen dute Dragoi taldea, eta urtetik urtera "hazten" ari den kopurua dela dio Elkorok. Are gehiago, talde batzuetan "itxarote-zerrenda" dagoela ere aitortu du zuzendaritzako kideak: "Ezin dugu nahi beste pertsona hartu, ez daukagulako nahi beste ordu entrenatzeko. Azpiegitura aldetik mugatuta gaude; Arrasaten kirolari asko daude, eta hori oso seinale ona da, baina kirol azpiegiturak txiki gelditu dira. Bideraezina izango litzateke jende gehiago sartzea, saio duinak bermatu nahi ditugu eta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak