Gerren zentzugabekeria salatzeko proposamena umeentzat, Markeliñeren eskutik

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko ots. 14a, 11:13

Itziar Fragua eta Nerea Martinez aktoreak, 'Zepo zapo' antzezlaneko une batean. Argazkia: Markeliñe.

Markeliñe antzerki taldearen Zepo zapo obra maia antzokian ikusi ahalko da bihar, hilak 15, 17:00etan. Edozein gerra astakeria bat dela nabarmentzera datorren umeendako antzezlana da, keinu adierazpena oinarri duen ikuskizun poetikoa.

Markeliñe antzerki taldearen Zepo Zapo haur antzerkiaz gozatzeko aukera egongo da bihar, otsailak 15, Amaia antzokian (17:00). Markeliñe taldeko promoziorako arduradun Teresa Salak zehaztu du zer den antzezlanak transmititu nahi duena: "Gerraren zentzugabekeria helarazi nahi diogu ikusleari, hori da antzezlanaren atzean dagoen ideia nagusia. Bi soldaduk frontean ezagutzen dute elkar eta konturatzen dira ez daukatela ezer bata bestearen kontra. Ohartzen dira euren arteko ezberdintasun bakarra dela uniformearen kolorea; norbaitek bata bestearen kontra borrokatzera bidali ditu, baina ez dute ulertzen zergatik, gustura daudelako elkarrekin".

Keinu antzerkia oinarri

Markeliñe konpainiaren marka bereizgarrietako bat den keinu antzerkia da oinarria Zepo Zapo antzezlanean ere, Salak zehaztu duenez: "Obra honek asko lantzen ditu keinua, adierazpena, poetika, argiztapena eta musika. Aktoreen lana ere azpimarratuko nuke; emakumezko bi soldadu ikusiko ditugu eszenan [Itziar Fragua eta Nerea Martinez], eta keinuetan oinarritutako aktoreon interpretazio-lana goraipatzekoa da".

Harrera "oso interesgarria"

Zepo Zapo obra antzeztu duten lekuetan harrera "oso interesgarria" izan dutela dio Salak: "Umeak ikuskizunera itsatsita geratu ohi dira hasieratik, eta hori ikustea oso ederra da". Gainera, balio zehatz batzuk hedatzeko obra ere bada: "Adiskidetasuna, elkartasuna eta elkarlana ere baditu oinarri. Ez gara gerran bakarrik zentratzen; protagonista diren bi soldaduen arteko harremanean balio garrantzitsuak plazaratzea ere bada gure helburua".

Umeak, ikusle zorrotzak

Ordubete inguru irauten duen emanaldian umeak une oro adi izatea erronka handia ote den galdetuta, honako hau erantzun du Salak: "Gai horren inguruan aurreiritzi ugari daudela uste dut. Askotan esaten dugu umeak ohituta daudela teknologia berrietara, erritmo biziko bideo laburrak ikustera, baina halako ikuskizun poetiko baten aurrean jartzen dituzunean oraindik ere izugarri disfrutatzen dutela ikustea ederra da. Pantailek agintzen duten garaiotan, umeei halako ikuskizunak ere eskaini behar zaizkie".

Antzezlana ikusteko sarrerak internetez edota Amaia antzokiko leihatilan erosi ahalko dira, bost eurotan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak