Miren Gallastegi: "Denda zabaltzeko zain egoten zen jendea lehen"

Hasier Larrea 2025ko ots. 14a, 13:40

1944an zabaldutako Zarraoa dendak ateak itxi zituen urrian. Kanpatorpeko familia-negozioaren azken katebegia izan da Gallastegi, 40 urteko lana bizkarrean.

Lokal huts bat gehiago dauka alde zaharrak udazkenetik hona, arrasatearrengan arrastoa utzi duen hutsunea, gutxi izango baitira erdigunean hiru belaunalditan zehar zerbitzu jarraitua eman duten saltokiak. Petra Zarraoak lehenik, Arantxa Ceciagak ondoren eta Miren Gallastegik (Arrasate, 1963) azkenik, askotariko produktuak eskaini dizkiete herritarrei, garaian garaira egokituta.

El arca de Noe izenez ezagutu izan zaituzte beti; parrokiaren ondoan egoteak ekarri ote zuen izena?

Biblikoa bada, bai. Ontzi hartan denetik sartzen zen, eta hemen ere bai. Amona galtzerdien puntuak egiten hasi zen lokalaren izkina bat errentan hartu zuenean, beste aldea gozotegia zen eta. Gerora espazio guztia alokatu eta, amaren laguntzarekin, denetik ekartzen hasi ziren: garbitzeko produktuak, tinduak, pinturak, koloniak, liburuak, jostailuak, txapelak... Totum revolutum bat zen.

Eta nolatan hori?

Gogoan dut komertzial asko etortzen zirela dendara, amaren garaian. Eskaintzaren arabera, baiezkoa edo ezezkoa esaten genien, irizpide konkretu bat izan barik. Orduan, kolonia bakarra zegoen eta ontziratu barik saltzen zen; jendeak ekartzen zuen potea etxetik. Nire garaia desberdina izan da, etxe batzuekin egin izan dut lan eta Internetetik ere erosi izan dut; maletak, adibidez.

Azken urteetan amonaren abizena zeraman dendak.

Derrigortu egin gintuzten aldatzera. Antza, norbaitek Bilbo inguruan saltoki bat El Arca de Noe izenarekin erregistratu zuen, eta gutun bat jaso genuen horren berri emanaz, izena aldatzeko. Lokalean zaharberritzea egin genuenean, Zarraoa kartela jarri genuen kanpoan. Edonola ere, jendeak, batez ere nagusiek, Arca de Noe bezala ezagutu dute gaur arte; kuriosoa da izena oso ondo mantendu izana.

"KURIOSOA DA JENDE NAGUSIAK JATORRIZKO IZENAZ GOGORATZEN GAITUELA ORAINDIK"

Zeintzuk izan dira unerik mugituenak, bizienak?

Amaren garaiko Gabonak, zalantza barik. Zorakeria izaten zen, domeketan eta guzti etengabe lanean, 22:00ak arte sarri... Aitak ere laguntzen gintuen, fabrikatik irten eta gero. Dendaren ardura hartu nuenean lasaiago ibiltzen nintzen, eta pribilegiatua sentitzen naiz horregatik. Esango nuke 2000ko hamarkada izan zela biziena, goizetik egoten ziren bezeroak denda zabaltzeko ilara egiten.

Nolakoak izan dira azken urteak?

Gure alboan zegoen banketxearen egoitza lekualdatu zutenean igarri zen fluxuaren beherakada. Horrekin batera, kalera begiratu besterik ez dago. Oso pobre dago dena; agian, Olarte kalea da salbuespena. Pena ematen dit denda hutsik geratzeak eta kalea antzeko egoeran ikusteak. Azkenean, guk bizi apur bat ematen diogu kaleari. Baina zer egingo diogu, ba... Gaur egun, errentagarriagoa da Interneten egotea denda fisikoa izatea baino. Ulertzen dut, erosoagoa delako, baina, bestetik, herriek lo-hiri itxura hartzen dute.

Pasa dira hilabete batzuk; moldatu zara bizimodu berrira?

Lasaiago bizi naiz eta pozik nago. Urte asko izan dira hemen sartuta. Azken lau urteak nahiko gogorrak izan dira, familiako kontuengatik; horregatik erabaki nuen bazela garaia uzteko. Eta, orain, esnatzen zara eta esaten duzu: "Nahi dudana egiteko astia daukat". Dirua denborarekin ordezkatu dut. Ez daukat jubilatzeko edaderik; beraz, autonomo izatetik erregimen berezian egotera pasa naiz; gizarte-segurantza ordaintzen dut, gerora pentsio duina izateko. Merezi du; azkenean, nork bere onena topatu behar du.

 

MEREZITAKO AGURRA

Ibai-arteko merkatariek sorpresa eman zioten Gallastegiri, denda ixtear zegoela: "Oso lotsatia naiz eta ez nuen zeremoniarik gura. Baina deitu zidaten, agurtu egin nahi nindutela... Ama ere etorri zen, eta orkidea bat eta argazki-bilduma bat erregalatu ziguten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak