Eusko Abertzale Ekintzan egindako bideari aitortza

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko ots. 12a, 11:18

Nati Roa eta Juan Ramon Garai, Ivette Goitiarekin, Loretxurekin eta Albertorekin.

Eusko Abertzale Ekintzaren historiaren hiru zati daude jasota Eduardo Renobalesek otsailaren 19an Kulturateko areto nagusian aurkeztuko dituen hiru liburuetan; halere, EAEko batailoietan parte hartu zuten arrasatearretan oinarritutako hitzaldia izango da.

Otsailaren 19an, eguaztena, Eusko Abertzale Ekintzako batailoietan aritu ziren arrasatearrak izango ditu hizpide Eduardo Renobales idazle zierbenarrak, Kulturateko areto nagusian egingo duen hitzaldian, 18:30ean hasita –sarrera, doakoa–.

Intxorta 1937 Kultur Elkarteak eta Sare Antifaxistak elkarlanean antolatutako saioa izango da eta hiru liburu hartuko dituzte oinarri. Horietako bakoitzak EAEko batailoi banaren historia jasotzen du: Olabarri, Eusko Indarra eta Zapadores 8. "Hiru liburuen aurkezpena izango da, baina Arrasaten zentratuta, batailoietan aritu ziren arrasatearretan zentratuta", dio Intxorta Kultur Elkarteko kide Juan Ramon Garaik.

Ivette Goitiari bisita Angelura

Aurkezpena baino lehen, Goitia Lopez de Uralde familiako senideekin egotea pentsatu zuten Intxortako kideek. Zortzi anai-arreba ziren; EAEko kide Gabriel, Olegario, Pedro eta Saturnino, eta beste lau: Jose, Edesia, Crucita eta Carmen. "Gainera, Olegario, Pedro, Saturnino eta Jose Union Cerrajerako langile kaleratuak izan ziren", adierazi du Garaik.

Hala, joan den domekan, otsailak 9, Angelura (Lapurdi) joan ziren Nati Roa eta Juan Ramon Garai Intxortako kideak, Ivette Goitia bisitatzera. "Gabriel Goitia arrasatearraren alarguna da Ivette. Gabriel EAEko militantea izan zen, Frankismoaren kolpe militarraren erresistentzian aritu zen Olabarri batailoiko komandantea". Bisita egiteaz gain, Iñigo Arregik egindako Egiaren Iturria eskultura ere eraman zioten.

Garaik azaldu duenez, Ivette Goitiak 104 urte beteko ditu maiatzean. "Oso ondo gogoratzen da 1937ko bukaeran, 16 urte zituela, nola ezagutu zuen Gabriel, bera baino hamar urte gehiago zituena, eta nola atxilotu zuten Gursen. Kontatu zigun handik ihesi joan eta gero nola egon zen bere etxean gordeta alemaniarrak joan arte. Gainera, 1944an, alemaniarrak joan ziren egunean, ezkondu egin ziren".

Bisitan izan ziren Gabrielen alaba Loretxu eta Olegarioren seme Alberto Goitia ere. "Olegario ere EAEko kide izan zen eta kartzelatik irten zenean, Galiziara desterratu zuten. Han jaio zen Alberto semea", nabarmendu du Garaik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak