HAEEn ari da lanean. Itzultzaile Zerbitzu Ofizialean, administrazioko itzulpengintzan jarduten du Gema Lopez Las Herasek (Azkoitia, 1989), baina trebea da literatur itzulpenak egiten ere.
Bigarren aldiz eskuratu duzu Jokin Zaitegi sariketako beka; pozik?
Oso pozik! Sekulako liburua da; oso gogotsu nago lanari ekiteko.
Chaesikjuuija (Barazkijalea) liburua itzuliko duzu; zelakoa da?
Liburu zoragarria da. Istorio benetan ezohikoa da, ederra eta lazgarria, aldi berean. Liburuak geruza asko ditu, eta, aurrera egin ahala, alderdi ilunagoetan sakontzen du, eta gai ugari ukitu: indarkeria –bai soziala bai domestikoa–, matxismoa eta zapalkuntza, gorputza, identitatearen galera eta bilaketa, lotsa, sexualitatea eta desira, heriotza...
Han Kang idazle korearrak idatzitakoa da.; ezagutzen zenuen?
Iaz Literaturako Nobel saria eman zioten arte, ez nuen Han Kang ezagutzen. Saria eman eta gero irakurri nuen lehen aldiz, eta deskubrimendu handia izan da niretzat. Oraingoz, Barazkijalea baino ez diot irakurri, baina irakurtzekoen zerrendan ditut haren beste liburu batzuk.
Idazteko moduari dagokionez, zein ezaugarri nabarmendu zenituzke?
Barazkijalea-ren idazkera, berez, nahiko soila da, guztiz narratiboa, baina sakontasun handikoa, eta hasieratik harrapatzen zaitu. Deskribapen sinboliko asko dago, adibidez ametsenak, eta eszena horiek zoragarriak dira. Hala ere, esango nuke ez dela idazkera hain poetikoa; poetikoa baino gehiago, irmoa da, sendoa. Autoreak hutsune asko uzten ditu, nahita, irakurlea joan dadin hutsune horiek osatuz.
"Idazkera, berez, nahiko soila da, guztiz narratiboa, baina sakontasun handikoa ere bai"
Zein izango da zure lan-prozesua?
Nik nahiago izaten dut hasieratik ahalik eta txukunena utzi itzulpena; hau da, lehenengo bueltako itzulpen hori ez izatea zirriborro moduko zerbait, baizik eta ia-ia amaierako bertsioa. Horrek lan handia eskatzen du hasieran, baina gero samurragoa da niretzat, oztopo eta zailtasun handienak hasieratik kenduta asko arintzen da-eta ondorengo zuzenketa-fasea. Beraz, orain, buru-belarri jarriko naiz itzulpenarekin, eta gero, bizpahiru buelta beharko ditut itzulpena orrazteko. Bitartean, idazleari buruz dokumentatzen ere joango naiz, haren lanak irakurrita. Frantsesa eta gaztelania erabiliko ditut zubi-hizkuntza gisa.
Gustura geratu zinen Emakume izoztua liburuaren itzulpenarekin?
Itzulpena oso zaila egin zitzaidan, nahiko prozesu aldapatsua izan zen: batetik, itzulpenaren beraren zailtasunengatik, eta, bestetik, neure egoera pertsonalarengatik, ama izan berri-berritan itzuli bainuen liburua. Nik uste baino askoz ere testu gaitzagoa topatu nuen, eta, hori jakin izan banu, ez dakit lehiaketara aurkeztuko nintzatekeen... Egia esan, ez nuen disfrutatu prozesuarekin, eta arantzatxo hori hor dago; espero dut orain Barazkijalea-rekin kentzea arantza hori. Dena dela, bukaerako emaitzarekin oso pozik eta konforme gelditu nintzen. Emakume izoztua-k oso idazkera partikularra du, oso adierazkorra, eta bihurria ere bai, baina nik uste dut asmatu nuela euskarara ekartzen.
Sekulako oihartzuna izan du.
Itzulpena izateko, nik uste dut liburuak egin duela bidea, eta aipatu izan dute han eta hemen. Annie Ernaux sona handiko idazlea da, are gehiago Literaturako Nobel saria irabazi zuenetik, eta jarraitzaile asko ditu.
Beharrezkoak dira halako sariketak?
Beharrezkoak dira, noski, lehen lerroan jartzen dutelako euskarazko itzulpengintza, eta behar duen prestigioa ematen diotelako. Izugarrizko ekarpena egiten diote euskarazko itzulpengintzari eta literaturari, euskal irakurleoi eskura jartzen dizkigutelako literatura unibertsaleko izen handietako batzuk.