1963an sortu zen SUDC elkartea, San Isidro, Udalpe, Danok-Bat eta Casino elkarteak elkartuta. Egun, 22 bat elkarte dira SUDCeko parte. Hori bai, Casino elkarteko Jose Egidazu lehen presidentea izan zenetik gauzak "asko" aldatu direla diote egungo presidente Juan Luis Arkauzek (Arrasate, 1955) eta 1989an presidente izan zen Antton Zumaldek (Arrasate, 1949). SUDCen Kulturolako egoitzan elkartu da GOIENA bi historiko horiekin.
1963an sortu zen SUDC, San Isidro, Udalpe, Danok Bat eta Casino elkartuta
Musu-truk, borondaterik ez
Gaur egungo gizartean, oro har, musu-truk lan egiteko borondaterik ez dagoela argi dute biek. SUDCek bizi duen egoera zailaren isla, Arkauzek datu bat eman du: "Ofizialki 22 elkartek osatzen dugu SUDC. Bada, azken bileratara hamabi elkartetako ordezkari bana etorri izan da, asko jota. Ez dago interesik".
Eta honako hau gaineratu du Zumaldek: "Elkarte bakoitzeko kargu berriak izendatzen direnean, SUDCeko ordezkaria, askotan, kanpoan ari da lanean edo kanpoan bizi da eta ez da bileretara etortzen. Urtero bazkari batera deitzen ditugu elkarteetako delegatuak, eta bazkaltzeko ere erdiak elkartzen gara. Egun osoko plana izaten da, debalde, baina asko ez dira etortzen".
Elkarte gastronomikoek bizi duten gainbehera aipatu du Arkauzek: "Ez dago mugimendurik apenas. Gu gazte ginenean, ia egunero ibiltzen ginen elkartean, jendez lepo egoten ziren. Musean, sukaldean... Gure aisialdiaren ezinbesteko parte ziren; gaur egun, apenas ibiltzen da jende gaztea".
Laguntzeko gertu daude
Gaur egun, bost kide dira SUDCeko zuzendaritzan, guztiak gizonezkoak, hiru erretiratu eta bi langile. Arkauzekin eta Zumalderekin batera Roberto Beltran, Abel Canales eta Iban Goñi dira zuzendaritza taldekoak.
Urtean zehar hainbat ekitaldi antolatzen dituzte, edota ekitaldien antolaketan lagundu; betiere, auzolan boluntarioa oinarri: sanjuanetako helduen danborrada, Aste Santuko doke txapelketa, erretiratuen bazkaria, Aratusteetako sardina-ehorzketa, Arrasate Hiria Akordeoi Lehiaketako partaideendako bazkariak... eta beste hainbat. "Lanean laguntzeko egun zailak izaten dira: sanjuanak, Aste Santua... Askok nahiago izaten dute herritik alde egin, oporretara", uste du Zumaldek.
Erreleboa "oso zail" ikusten badute ere, ez dute itxaropena erabat galdu. "Gu laguntzeko prest gaude, edozertarako. Jende gazteak ziur ideia berriak dituela... Urte gehiegi daramatzagu SUDCen, nekatuta gaude", dio Arkauzek. Zumaldek dio ordainpeko lana balitz egoera guztiz aldatuko litzatekeela: "Soldata jasoko bagenu, ez litzateke errelebo arazorik egongo; gaur egun, inor ez dago gertu musu truk-lan egiteko. Askotan ahalegindu gara, baina ez da posible izan".
SUDC, bakarra Gipuzkoa osoan
SUDC desagertuko balitz Arrasatek zer galduko ote lukeen galdetuta, honako hau uste du Zumaldek: "Ekitaldi garrantzitsuenak ez lirateke desagertuko; okerrenera, Udalak hartuko lituzke bere gain. Baina ez dugu uste modu boluntarioan egingo zutenik, ordaindu egin beharko litzaieke".
SUDC herriko eragile garrantzitsua dela uste dute, eta, hori azpimarratzeko, kanpotik datozenek esaten dituztenak hartu ditu aintzat Arkauzek: "Arrasatera datozen bisitari askok esaten digute SUDC modukorik ez dagoela Gipuzkoa osoan. Adibidez, akordeoi lehiaketak Arrasaten egiten dira, hein handi batean, akordeoilariei ematen diegun jangela-zerbitzu ederragatik. Akordeoi munduko beste txapelketa batzuetan txartel bat ematen diete partaideei, bazkariarekin trukatu dezaten; Arrasatekoa beste kontu bat da".