Etxeko olioa jasotzeko edukiontzi berriak jarriko dituzte

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko ots. 11a, 11:17

Olioa jasotzeko edukiontzi laranja, San Andresen. (Argazkia: Arrasateko Udala).

Debagoieneko Mankomunitateak egingo duen aldaketaren ondorioz, etxeko olioa biltzeko pote berdeak jaso eta ordezkoa ematen duten edukiontziak desagertu egingo dira. 

Etxeko olioa jasotzeko edukiontzi berriak jarriko ditu Mankomunitateak. Hau da, edozein motatako ontzi itxiak onartuko dituzten edukiontzi laranjak jarriko dituzte.

Edukiontziaren kolorea aldatzeaz gain, erabilitako olioa uzteko aukerak ere aldatuko dira. "Aurrerantzean, etxeko olioa edozein motatako ontzi itxian bota ahalko da eta ez da nahitaez ontzi berdea erabili beharko. Edukiontzi berrietan olioz betetako beirazko edo plastikozko ontziak edota tetrabrikak sartu ahal izango dira", azaldu dute Mankomunitatetik.

Hala ere, ez dute ontzi hutsik bueltatuko. "Sistema honek erabilitako olioaren birziklatze egokia bideratuko du; izan ere, askotan agertu izan dira berdeak ez diren ontziak edukiontzien inguruetan. Erabilera desegoki horri amaiera eman behar diogu aurrerantzean".

Hamar gune gehiago

Olioa, kutsakorra izanik, "modu egoki eta arduratsuan" jasotzeko aukera handitu egingo dela azaldu dute. Aste honetan ari dira edukiontziak ordezkatzen eta, aldi berean, olioa botatzeko puntuak gehitu egingo dituzte. "Arrasaten, hamahiru puntu daude gaur egun eta 23 izatera pasako dira. Halakoak eskuragarriago jarri nahi dira, etxeko olioa birziklatzea errazagoa gerta dakien herritar guztiei".

Era berean, lekualdaketa txikiak egongo dituzte. Hala, Udalpeko edukiontzia Jauregibarriara pasako da; Elkano kalekoa, Oñati kalera; eta Zaldibarkoa, Garibaira.

Hilaren 15ean, informazio gunea

Bertako produktuen azokan, otsailaren 15ean, gaiari buruzko informazio gunea jarriko dute. "Bertan, azalpenak emateaz gain, etxean olioa poteetan era egokian jasotzen laguntzeko inbutuak banatuko dituzte doan. Modu honetan, edukiontzi ezberdinetara egokitzeko aukera izango da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak