Hileko hirugarren zapatuan egiten dute bertako produktuen azoka Seber Altube plazan, eta horrela izango da aste honetan ere, 09:00etatik 13:30era bitartean. Garaiko produktuak salduko dituzte baserritarrek, eta, horrez gain, gazta, ogia eta eztia ere egongo dira, besteak beste.
Berezitasun bat izan ohi du, gainera, azokak hilabetero, eta, oraingoan, tailer bat izango da: Defentsak indartzeko tintura eta xarabea izenpean, 11:00etan hasiko da; hala ere, aurrez izena ematea komeni dela azaldu dute antolatzaileek, plazak mugatuak baitira –hamabi pertsona gehienez–.
Tailerrari dagokionez, sendabelarrez egindako botikak egingo dituzte, Ekoudalatxen eskutik, bi formatutan. Alde batetik, sistema immunea indartzeko tintura egingo dute, eztarriko infekzioak, narritadura, eztula eta hotzeria saihesteko eta tratatzeko baliagarria dena. Bestetik, jatorri naturaleko osagaiekin ondutako jarabe naturala onduko dute, eztularen eta hotzeriaren sintomak arintzeko.
Euskaraldiko materiala salgai
Azoka aprobetxatuz, zapatuan Euskaraldiko materiala saltzen ibiliko dira, Seber Altube plazan, 12:00etatik 14:00etara. Telazko poltsak, lanpasak eta kamisetak salduko dituzte, haurrentzat zein helduentzat.