Orri askoko liburu bat beharko litzateke Asier Zengotitabengoaren (Gasteiz, 1988) kirol ibilbidea jasotzeko, saskibaloiak Espainiako eta Frantziako makina bat taldetara –hamabost baino gehiago– eraman du eta. 13 urterekin Bartzelonako harrobirako fitxatu zutenetik, ia 25 urte egin ditu batera eta bestera. Espainian, bereziki, Urrezko LEB Mailan jokatu du, eta lau igoera lortu ditu, denak talde ezberdinekin. Apustu serioena, baina, 2017an egin zuela aitortu du, Frantziako Alliance Sport Alsacek fitxatu zuenean, eta sei urte egin zituen mugaz bestalde, profesional jokatzen. Hastapenei errepasoa eginez hasi du berriketaldia Zengo-k, La Masian Lionel Messi izeneko batekin logela partekatzen zuen garaietatik hasita.
Ibilbide osoa errepasatzeak luze joko liguke...
[Barre] Gasteiztarra naiz eta 13 urterekin Bartzelonak fitxatu ninduen harrobirako, eta La Masiara joan nintzen. Eta handik Valentziako Pamesak fitxatu ninduen...
Barkatu etetea... Uste nuen La Masia futbol jokalariendako zela.
Ez ginen saskibaloi jokalari asko, zazpi edo zortzi izango ginen, eta gainontzekoak futbol jokalariak ziren, beste 50 edo 60. Elkarrekin egoten ginen hango erresidentzian, eta eskolara ere batera joaten ginen, hori ere La Masian bertan.
Bartzelonako futbol izar bat baino gehiago ezagutuko zenituen…
Pentsa, Leo Messirekin logela partekatu nuen. Badut harekin anekdotaren bat edo beste; Googlen bilatu beharko duzu [Barre], ez dizut gehiagorik aurreratuko [Eskolako patioan futbolean zebiltzala, Zengotitabengoak orkatilan min egin zion Messiri].
"La Masian Leo Messirekin eta Cesc Fabregasekin egin nuen bat; batera geunden eskolan, eta Messi gelakide izan nuen"
Eta baduzue gaur egun harremanik?
Harekin eta Cesc Fabregasekin egin nuen bat La Masian. Frantzian jokatzen nengoela joan nintzen Messiren partiduren bat ikustera, Fabregasek Lille-ren kontra jokatu zuenean ere bai... Aireporturen batean egin izan dugu topo, mezuren bat idatzi...
Itzul gaitezen saskibaloira.
Egia esan, harro nago egin dudan kirol ibilbidearekin, baina aitortuko dut zorte apur bat falta izan zaidala. Esaterako, Urrezko LEB Mailan lau talderekin lortu dut mailaz igotzea, baina arrazoi ekonomikoengatik edo lesioren bat tarteko, beti izan dut eragozpenen bat maila gorenean jokatzeko.
Bilbon, Huescan, Caceresen, Kanarietan, Coruñan, Andorran, Burgosen, Melillan, Mallorcan… jokatu ostean, 2017an Frantziara joatea erabaki zenuen.
Bizitzan hartu dudan erabaki on horietako bat, apustu pertsonala izan zen. Saskibaloi profesionala beste maila batean ezagutu nuen; alde horretatik, Frantzia beste maila batean dago. Hemen Urrezko LEB Maila ez da kategoria erabat profesionala, denetariko egoerak bizi izan ditut, baina Frantzian oso serioak dira horretarako: gutxieneko kontratuak bermatuta, hitz emandakoa bete egiten dute… Kirol arloak izaten du lehentasuna, eta, kontrara, hemen beste lehentasun batzuk ikusi izan ditut.
Badut kuriositatea: zelan fitxatu zaitu Ointxe!-k?
Egia esan behar badizut, denboraldi hasieran bospasei eskaintza izan nituen, baina emazteak eta biok Gasteizera etortzea erabaki genuen. Emaztea Kroaziakoa da, Splitekoa, eta ohituta dago batera eta bestera ibiltzera. Bizitza, baina, aurrera doa eta lehentasunak aldatzen joaten dira. Gaur egun, 4 eta 2 urteko bi txiki ditugu etxean, eta Gasteizera etorri gara, bereziki, eurak ere eskolan has daitezen. Emaztea lanean dabil Gasteizen, eta nik ere lan egiteko telefonoa eta ordenagailua, ez dut besterik behar.
Zein da zure ogibidea?
Batetik, Mallorcan trastelekuak diren lokal baten jabe naiz, eta horiek kudeatzen ditut, eta, bestetik, merkatutik kanpo dauden higiezinen aktiboekin egiten dut lan: bulegoak, hotelak… Horrek askatasuna ematen dit edozein lekutatik lan egin ahal izateko.
"Martin Buesarekin gimnasioan elkartu eta hark gonbidatu ninduen taldeaz entrenatzera. Hortik sortu da dena"
Horrenbestez, Gasteizen zeundetela jaso zenuen Ointxe!-koen deia.
Kasualitatea izan zen. Martin Buesarekin gimnasio batean topo eginda sortu zen dena. Gaztetan Gasteizen elkarren kontra jokatutakoak gara, adin berekoak gara, eta taldearekin entrenatzera etortzeko esan zidan. Ondoren, Arri-ren [Iñaki Ogaran] deia jaso nuen… Eta hemen nago.
Bada, denbora tarte laburrean izango zaitugu Arrasaten...
Batek daki! Aspaldi ikasi nuen 2-3 hilabete baino haragoko planak egiteak buruko minak baino ez dituela sorrarazten. Arrasateko proiektua zein zen ikusi nuen, gustatu egin zitzaidan, eta hemen nago.
Arrasatekoa ez da proiektu profesionala, kategoria ere ez, baina aldagela horrek badu zerbait… Jendeari kosta egiten zaio Ointxe!-tik joatea.
Iritsi berria naiz, baina segituan antzematen da harreman sanoa dagoela jokalarien artean, giro ona, lagun taldea dela. Egun hauetan, duela 15 urteko saskibaloira bueltatu naiz, eta eskertu egin dut, egia esan. Ohituta nengoen leku guztietara musika entzuteko kaskoekin joaten diren taldekideak izatera.
Zer eskatu dizute taldean?
Egin dut Julenekin [Berrocal] berba, eta, azken batean, esperientzia duen jokalaria naizenez, momentu jakin batzuetan taldeari lasaitasuna transmititzea eskatu dit; ahal dudan gauza guztietan laguntzen saiatuko naiz. Azken batean, ni iritsi naiz taldera, eta, horrenbestez, nik neuk egokitu behar dut taldera. Kategoria ere ez dut ondo ezagutzen, baina jokalariek maila polita dute.