Sergio Ruiz G-Txabarri Sertx (Zarautz, 1975) buru-belarri ari da Eraso!-rekin, baina proiektu pertsonala ere ondo zainduta.
Singleen garaian gaude, eta zuk disko bikoitza atera duzu; ausarta.
Kantu gehiago ere banituen, baina nire ama-taldearen, hau da, Eraso! taldearen, agur-biran murgilduta gaude eta horrek ere denbora lapurtzen dit. Orain dela urtebete ateratzeko asmoa nuen Madarikatuak, baina luzatu egin dira grabaketa eta bestelakoak, eta egunerokotasunean elkar jo dute Eraso!-ren eta Sertxen lanek, baina pozik nago emaitzarekin.
Bosna kantu bildumako, akustikoa da lehenengoa; zelakoa?
Hamar kantuek sortze-prozesu bera izan dute. Sertxen aurreko bi diskoen prozesu bera eraman dute lehenengo bildumakoek; hau da, ekoizle berarekin [Eñaut Gaztañaga]. Eta lantzeko prozesua ere antzerakoa izan da; eroso nago Gaztañagarekin. Beharbada, aurreko lanekin alderatuz, gehiago landu dut ahotsa disko honetan; saiatu nahiz leunago abesten, tonu grabeagoan.
Doinu elektronikoagoak eta instrumentu gehiagoko kantuak batu dituzu Madarikatuak II bilduman.
Esperimentazioarekin hasi naizen diskoa da hori, beldur handiagoarekin eraikitakoa. Josu Montero Arrasateko ekoizlearekin jardun dut horretan. Bagenekien ez genuela gauza bera egin nahi, baina ez genekien nora heldu nahi genuen, eta horrek eragin digu polikiago joan izana. Aldaketa bat egin gura nuen, eta gitarra akustiko baten gainetik kantuak moldatzen hasi ginen; kantuak gehiegi janzten genituen puntura heldu ginen, eta lanketa izan da, beharbada, arropak eranztea kantuei. Ezberdina izan da lan-prozesua, baina egia da emaitzarekin oso pozik geratu naizela.
Mina da hitzen oinarrizko kontzeptua; min hori arintzen lagundu dizute kantuek?
Idazten hasi nintzenean, nire bizitza pertsonaleko pasarte batean minduta nengoen; nahiz eta min hori ez den osorik itzali, gaur egun ez nituen, beharbada, hala idatziko. Kantu bakoitzak bere momentua du eta niretzako ariketa zintzo bat da idazten dudanean, horrek abesteko orduan emango didalako hori sinisteko indarra. Mina da, bai, oinarria kontzeptu moduan, baina badira beste detaile batzuk hortik aldentzen direnak ere.
Bitxia da ez duzula formatu fisikoan argitaratu; zergatik?
Hori ere hausnartzeko aukera izan dut. Disko fisikoa atera edo bideoklipak egin pentsatzen egon nintzen, eta, azkenean, bigarrengotik egin dut. Dirua da, eta, balantza horretan, pentsatu nuen nahiago nuela dirua bideoklipetan gastatu, eta dagoeneko hiru argitaratu ditut. Ez dakit ondo egin dudan edo, beharbada, hilabete batzuetara fisikoki ateratzea erabakiko dudan. Kantuak aspalditik eginda nitueneta ez nuen argitaratzea gehiago atzeratu gura.
"Asko pentsatuta, formatu fisikoan atera beharrean, bideoklipen aldeko apustua egin dut"
Non entzun dezakegu Madarikatuak bilduma bikoitza?
Plataforma ezagun guztietan dago; esaterako, Apple eta Spotifyn, baita Youtuben ere.
Jendaurrean aurkezteko aukerarik izango duzu?
Ez ditut kontzertu asko lotu; lana argitaratu gura nuen lehenengo, jendeari entzuteko bidea eman, eta, ondoren, agenda lotzen hasi. Hilabete barru hasiko naiz Sertxen kontzertuekin; esaterako, Orozkon joko dut, eta, nola ez, badut Debagoienean aurkezteko asmoa ere. Eraso! taldearekin urtea bukatu bitartean kontzertu asko ditugu, baina bateragarriak dira bi proiektuak.
Eraso! taldera etorrita, zelan doaz agur-bira kontzertuak?
Oso ondo; egia esan, kontzertu askotan oso hunkituta. Jende asko etortzen da eskerrak ematera, eta denetik ikusi dugu, baita jendea negarrez ere. Uste dut denok ari garela hunkituta eta gogotsu Eraso!-ri agur duina ematen.
Arrasaten ere joko duzue.
Otsailaren 20an, Kooltur Ostegunak ekimenaren baitan izango gara. Arrasaten jotzea berezia da guretzako; sei edo zazpi alditan jo izan dugu bertan. Ondoren, besteak beste, Orere- tan eta Bilbon izango gara, eta azken kontzertua Tolosako Bonberenean izango da, abenduaren 27an, Eraso! Festa ospatuko dugu, taldeari betirako agur esateko.
Hamar abesti, bi diskotan
Mina abiapuntu hartuta, Madarikatuak izeneko kantu-sorta berria argitaratu du Arrasaten bizi den musikari zarauztarrak. Hirugarren lana du bakarlari.
Disko bikoitza da: akustikoa eta intimoa da lehenengoa; eta doinu elektronikoekin eta esperimentalagoa bigarrena.