Ikusmin handia piztu du domekan Amaia antzokira (19:30) helduko den Txalo Produkzioak konpainiaren Arizona obrak, eta, edukiera erdiaren bueltan badago ere Amaia –450 sarrera saltzen dira egun–, sarrerak salgai jarri eta berehala agortu izana da horren adierazle. George (Jon Plazaola) eta Margaret (Aitziber Garmendia) ditu protagonista Juan Carlos Rubioren antzezlanak, eta, Garmendiaren arabera, "garai perfektuan" datorren obra da, "zoritxarrez. Duela bizpahiru urte eskaini zidaten obra hau antzezteko aukera, baina beste bira batzuekin eta Madrilera joateko asmotan nenbilen. Orduan, hor geratu zen; iaz, beste saiakera bat egin zuten, baina ordurako Madrilen nengoen... Baina orain bai, 2025ean estreinatzea erabaki dugu. Eta entseatzen ari ginela ikusten genuen Trump ze bidetatik zetorren; gure artean komentatu genuen: 'Ziur dena batera datorrela!'. Eta halaxe izan da: astelehen batean sartu zen Trump Etxe Zurian eta guk ostiral hartan estreinatu genuen".
Aitziber Garmendia: "Gogoeta eragin nahi dugu umorea baliatuta; testua oso gogorra da"
Barrea eta gogoeta eragin nahi
Komedia bat da, baina barreaz gain gogoeta ere eragin nahi duena. "Testua oso gogorra da, baina errealitatea gogorragoa da, akaso. Gogoeta eragin nahi dugu, eta, horretarako, umorea baliatzen dugu, komediatik gaiak beste era batera sartzen direlako", dio Garmendiak. Esandako moduan, Garmendia Margaret izango da Amaia antzokiko oholtzan. "Ikaragarri motzak dira Margaret zein George, bi errepublikano amorratu. Itsu-itsuan Trump jarraitzen dute, eta hark esandako guztia barruraino sinistu. Hori bai, une bat iritsiko da Margaret galderak egiten hasiko dena, eta hori ez zaio batere gustatuko Georgeri; Georgek oso barneratuta dauka ezin duela zalantzarik egin gauzatu beharreko proiektuarekin. Trump eta bere immigrazio politikak ekarriko dizkigu gogora orain, baina Juan Carlos Rubiok testu hau duela urte batzuk idatzi zuen, George W. Bush-en garaiko Minuteman proiektua inspiraziotzat hartuta; herritarrak jarri ziren AEB eta Mexiko arteko mugan, Arizonan kasu honetan, mexikarrik ez zedin pasatu. Ur-putzuak pozoitu egin zituzten, tiroketak izan ziren... mexikar batzuk hil egin zituzten. Mundu honetako basakeria bat gehiago izan zen; halakoetara ohituta gaude, tamalez".
"Arizona asko" oso gertu
Jon Plazaolarekin itzuliko da oholtzara Garmendia: "Ederra da Jonekin lan egitea; bi obrarekin aritu izan gara lehenago. Egia da Arizona planteatu zitzaigunean Losers bira amaitzen ari ginela, eta horregatik pentsatu genuen apur bat atzeratzea, publikoak ere arnasteko. Bi urte hauek elkarrekin antzeztu gabe egotea ondo etorri zaigu; ez dugu publikoa nazkatu nahi...".
Garmendiak dioenez, AEBetako Arizona estatuan kokatzen da antzezlana, baina beste hainbat lekutan ere errealitate bera aurki daiteke: "AEB eta Mexiko arteko mugaz ari gara oraingoan, baina hausnarketa ireki nahi dugu muga guztietara. Ez dugu urrutira joan beharrik, hor ditugu Ceuta eta Melilla edo Behobia bera. Zoritxarrez, muga pilo bat ditugu oso gertu". Barakaldon estreinatu zuten Arizona, bigarrena Berrizen izan zuten eta Arrasatekoa hirugarrena izango da: "Gogoa bagenuen publikoari erakusteko. Harrera espero genuena baino beroagoa izan da, oso pozik gaude". Otsailean beste bost emanaldi izango dituzte eta martxorako sei emanaldi dituzte aurreikusita; Debagoieneko bakarra, oraingoz, Arrasatekoa da.