Otsailetik ekainera arteko egitaraua prest du Emakume Txokoak

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko urt. 28a, 12:55

Lauhilekoan zehar, hamaika ikastaro, bi tailer eta gune iraunkorrak egongo dira. Halaber, Jabetze Eskolan parte hartzeko izena emateko aukera izango da otsailaren 3tik 7ra.

Emakume Txokoak otsailetik ekainera arteko egitaraua aurkeztu du, Jabetze Eskolako ikastaroek, tailerrek eta topaguneek osatzen dutena. Horien bitartez, emakumeen ahalduntze prozesuak, sareak eta begirada eta hausnarketa feministak sustatu gura dituzte. "Horretarako, Jabetze Eskolako proposamenetan, nagusi izango dira elkar zaintza, ahizpatasuna eta konfiantzazko giroa", diote Emakume Txokotik.

Era berean, prestakuntza eta topaguneak eskaintzen ditu Jabetze Eskolak, "emakumeon* askotariko errealitate eta zapalkuntzak abiapuntu bezala hartuta, horiei erreparatzeko eta elkarrekin ahaldundu eta eragiteko aukerak lantzeko".

Hainbat esparrutan adituak diren formatzaileek ikuspegi feministatik lan egingo dute, "genero aginduek eta botere harremanek emakumeongan* sortzen dituzten indarkeriaz eta zapalkuntzez ohartzeko, eragiten dizkiguten ondoezak lantzeko eta eraldaketarako bide kolektiboak urratzeko". Horrekin batera, diote, emakumeen* autonomia eta parte-hartze soziala eta politikoa sustatzeko helburuarekin lan egingo dutela.

Hainbat ikastaro, hainbat helbururekin

Gorputzaren eta osasunaren lanketarako, dantza, chi kung, zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa, gorputz eta sexu ahalduntzerako ikastaroa eta bestelakoak egongo dira.

Norberaren zaintza emozionalerako ikastaroek eta sormen tailerrek, halaber, emozioak kudeatzeko tresnak eskainiko dituzte. "Jende aurrean hitz egiteko tekniken ikastaroak eta kantuan aritzeko ikastaroak, tresnak emango dizkigute gure ahotsa indartzeko, lotsari eta beldurrei aurre egiteko eta dagokigun espazioa hartzeko eta disfrutatzeko".

Sendabelarren ikastaroan eta eskalada ikastaroetan autonomia sustatzeko tresnak lortuko dituzte parte-hartzaileek, antolatzaileen esanetan. "Jakintzak eta hausnarketak partekatuko ditugu eta elkarrekin ikasiko dugu. Irrintzia ere praktikatu ahalko dugu eta eskalada gorputz agertoki komun eta askotariko gisa lantzeko aukerak izango ditugu".

Horrez gain, emakume migratuen topagunea eta irakurketa feministaren gunea ere egongo da. "Horiek garrantzi berezia dute eskolaren baitan, aukera eskaintzen baitute gune iraunkor bezala lan egiteko eta arnas luzeko lanketak egiteko", diote Emakume Txokotik.

Hitzaldiak, antzezlanak, aurkezpenak eta abar

Proposamen berrian, "genealogia feminista egiteko eta hausnarketa kolektibo feminista eragiteko", hainbat kultura ekitaldi antolatu dituzte, besteak beste, zine emanaldiak, antzerki emanaldiak, hitzaldi-solasaldiak, errezitaldiak eta liburu aurkezpenak.

Irrintzi eta Euskal Emakumeak film laburren emanaldiarekin hasiko dute egitaraua, otsailaren 26an, Kulturaten. "Mirentxu Loyarte zinemagilearen lana berrikusi eta genealogia feminista ariketa bat egingo dugu, Arantza Santesteban zinegile eta zine adituak zuzenduko duen solasaldiarekin".

Era berean, Martxoaren 8arekin bat egiteaz gain, Emakumeak protagonista solasaldia ere berreskuratuko dute apirilean, Bea Egizabalen eskutik, eta Maialen Lujanbioren rr errezitaldia izango da hurrengo hitzordua, maiatzaren 15ean.

Ateak zabalik ditu Emakume Txokoak

Azkenik, gogorarazi dute Emakume Txokoak zabalik dituela ateak, eta hainbat bide daudela haiekin harremanetan jartzeko:

  • Emakume Txokora joanda, astelehenetik eguenera, 10:30etik 14:00era eta 15:00etatik 18:00etara, eta egubakoitzetan, 10:00etatik 14:00etara.
  • emakumetxokoa@arrasate.eus helbidera idatzita.
  • 943 79 41 39 telefono zenbakira deituta edota 618 20 62 33 zenbakira idatzita, Whatsappez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak