214.152 euroko aurrekontua onartu du Besaide Mendizale Elkarteak 2025erako. Edozelan ere, kontuan hartu behar da 115.000 euro inguru direla federatuei txartela kobratu eta Euskal Mendizale Federazioari itzultzeko. "Beraz, esan dezakegu Besaideren urteko balantzea 100.000 euro ingurukoa dela", azaldu du Olatz Igartuak, elkarteko presidenteak.
Gaineratu du aurten "sekulako lana" egin dutela bazkideen datuak eguneratzen. "Datu-basea eguneratzean konturatu ginen datu-base desberdinak genituela guk eta Euskal Mendi Federazioak eta, gainera, dokumentu horietan akats asko zeudela; bazkide asko bikoiztuta zeudela, esaterako. Orduan, ezin dugu jakin zehazki zenbat bazkide izan ziren aurreko urteetan, datuak ez zeudelako ondo", adierazi du Igartuak. "Orain, ordea, dena berrikusita dago eta zuzenak dira ditugun datuak". Hala, 1.845 bazkide ditu gaur-gaurkoz Besaidek –626 emakume eta 1.249 gizon–. Federatuei dagokienez, 1.124 dira –364 emakume eta 760 gizon–.
Askotariko ekintzak
Urtero bezala, mendi irteerekin hasiko dute urtea eta baina neguan, asteburuko bi irteera egingo dituzte eskiatzera, Huescako Pirinioetara. "Ondoren, Aste Santuan, Alpeetara egingo dugu astebeteko irteera, Tignesera. Oraindik, gainera, toki batzuk libre daude", dio presidenteak.
Apirilean, Durangoko Alpino Tabira mendi elkartearekin batera, Udalatx inguruan mendi irteera bat egingo dute, "bertan dugun altxorra hobeto ezagutzeko eta berau zaindu eta errespetatu beharra dagoela aldarrikatzeko".
Bestalde, iaz berreskuratu zuten gazteentzako asteburuko irteera eta aurten, ekainean, Pirinioetara joango dira, Camilleren bideko bigarren etapa egitera (Huesca, Espainia).
Haurrendako mendi irteera, urrian
Urrian, berrikuntza modura, haurrei zuzendutako mendi irteera bat egingo dute, Arrasateko inguruetan. Hala azaldu ditu Igartuak horretarako arrazoiak: "Iaz, Gipuzkoako Mendi Federazioak eskatuta, eskolarteko ibilaldi neurtua antolatu genuen, martxoan, eta eguraldi hotzari aurre eginez, bailarako 100 haur eta 100 heldu bertaratu ziren, oso giro politean. Ondoren, urrian, Aiba! mendi martxan, ibilbide motzago bat planteatu genuen, herritar gehiagorengana zabaltzeko nahiarekin, eta haur eta nerabeen artean arrakasta handia izan zuen. Bi ekintzen arrakasta ikusirik, gure egutegian haurrentzako mendi irteera bat antolatzea proposatu dugu".
Horretarako baina, guraso talde baten beharra dutela aldarrikatu du, "zuzendaritza taldea ez baita heltzen horrelako beste irteera bat antolatzera", Igartuaren esanetan. "Bospasei pertsonez osatutako talde batekin, ekintza hau oso ondo antolatu daitekeela uste dugu. Tartean, zuzendaritza taldeko partaide bat egongo litzateke, taldeari laguntzen eta lotura lana egiten", dio.
Talde horretan parte hartu ahal izateko, baldintza bakarra da Besaideko bazkide izatea. "Edozelan ere, bazkide egin daiteke edonor edozein momentutan. Beraz, interesa duenak, bidali dezala mezu bat besaide@besaide.com helbidera".
Gazteak erakarri gura dituzte
Hileroko irteerek, azken urteetan, "pertsona asko" mugitu dituztela azpimarratu du Igartua. "Baina partaideen adina goraka doa eta gazteagoak ez dira irteeretara etortzen. Irteera horien arduradunak konturatu dira partaidetza bultzatu beharra dagoela. Aldi berean, irteerak antolatzeko taldean ere partaide gehiagoren beharra dute, errefortzurako".
Azkenik, Besaide herrira zabaldu gura dutela ere esan du presidenteak. "Guk planteatzen ditugun ekintzez gain, beste ekintza batzuk antolatzeko zabalik gaude, hitzaldiak, ikastaroak edo bestelakoak. Beraz, edonork ideiarik edota zerbait antolatzeko gogorik balu, Besaideko bulegoko ateak zabalik ditu".