Idoia Madarieta: "Familiakoek zainduta egon behar dute"

Jone Arruabarrena 2025ko urt. 17a, 14:09

Buru osasuneko arazoak zein adikzioak dituen pertsona baten zaintzaile izateko, nork bere burua zaintzearen garrantzia azpimarratu du Madarietak.

Osasun mentalari buruzko hitzaldi zikloa antolatu dute, elkar lanean, Arrasateko Udalak, Katearen Loturak Elkarteak eta Ediren Osasun Kooperatibak, urtarriletik ekainera. Horietako batzuek Idoia Madarietak, kooperatibako psikologoak, egingo ditu. Lehena aste honetan eman du, Familiaren lekua. Nork zaintzen du zaintzailea? izenburupean. Kooperatibak berak bi asterik behin antolatzen ditu adikzioak dituztenen familientzako laguntza-taldeak.

Zergatik da garrantzitsua Ediren kooperatibak Arrasaten dinamizatzen dituen moduko taldeak egotea?
Familian gaixorik dagoena zaindu ahal izateko, familiakoek ere zainduta egon behar dute. Gu txarto bagaude, gainezka, albokoak ezin ditugu zaindu. Eta horrelako taldeak egotea garrantzitsua da, gainezka egin aurretik husteko aukera ematen baitute; egunerokotasuna nola eramaten duten partekatzeko, gaixotasunari buruzko informazioa eta formakuntza jasotzeko, familiaren zeregina zein den argitzeko eta tresna batzuk eskuratzeko.

Lehenengo hitzaldia zaintzaileen zaintzari buruzkoa izan zen; nola eragiten du familian adikzioak dituen pertsona bat edukitzeak?
Lehenengo erronka diagnostiko bat lortzea izaten da. Askotan, patologia duala izaten dute adikzioak dituzten pazienteek. Behin zer daukan jakinda ere, familia osoan edukitzen du eragina bai diagnostikoak, bai tratamenduak, bai ondoren etortzen den errehabilitazioak ere. Prozesu gora-beheratsua izaten da, eta, askotan, gaixorik dagoen pertsona txarto egoteak gainontzeko kideak txarto egotea ekartzen du. Horrek sorgin-gurpil bat dakar, eta hortik ateratzea oso zaila da. Familiari erruduntasun sentimendua kentzea izaten da erronka, eta familiaren zereginari daukan garrantzia ematea. Edirenen familia-terapia egiten dugu askotan, baina ez familia gaixorik dagoelako, baizik eta familiako terapiaren baliatzen dugulako ardurak banatzeko, bakoitzak zer leku daukan ikusteko, elkar nola zaindu eta elkarri nola lagundu ikasteko...

Zer da patologia duala?
Adikzioak edukitzeaz gain, nahasmendu mentaleko arazo bat edukitzea da. Batak bestea elikatzen du askotan: baliteke substantziak kontsumitzen hastea izatea nahasmendu mentala sortzeko arrazoietako bat, eta, alderantziz, baliteke nahasmendu mental batek eragindako etsipenaren ondorioz adikzio batean erortzea.

Zein babes-neurri ezarri ditzakete familiakoek?
Gaixotasunaren inguruko informazio zehatza edukitzea ere beharrezkoa da; batez ere, profesionalengandik. Garrantzitsua da euren burua zaintzeko denbora edukitzea ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak