Nolakoa zen bizimodua zure herrialdean?
Karibeko bizitza oso ezberdina da hemengoarekin alderatuta. Itsasoa gertu daukagu, eta lan asko egin behar da eguzkipean. Oso bizimodu xumea da. Gu Barranquillan bizi ginen, oso arriskutsutzat izendatu duten auzo batean. Bertako familia tradizional batekoak ginen. 80. hamarkadan egoerak txarrera egin zuen, drogaren eta Caliko zein Medellingo kartelek ekarri zuten egoeraren ondorioz. Barranquilla lehen hiri lasaia zen, baina 90. hamarkadatik aurrera zaila zen bertan bizimodu arrunt bat izatea. Txikia nintzenean, ezin izaten genuen etxetik atera. Oso arriskutsua zen kalean ibiltzea.
Hala ere, Barranquilla oso hiri alaia da, kultura asko duena. Kolonbiako kulturaren zati handi bat bertatik jaio da. Oso eremu artistikoa da, anitza eta irekia. Mendi oso altuak dauzkagu ondoan, baita Guajirako desertuko eremua ere.
Noiz migratu zenuen lehen aldiz?
Amak, ahizpak eta hirurok Hego Amerika barnean jada migrazio prozesu ugari bizi izan genituen. Nire amaren familia Venezuelakoa zen, eta bertara migratu genuen. Kolonbia eta Venezuela artean joan etorri asko egin genituen hirurok. Etxean indarkeria jasaten genuen nire aitaren aldetik, eta hartatik ihesi joan egin genituen joan etorriok. Bost urte nituen lehenengoz ihes egin genuenean, eta nire ahizpak bat.
"POLITIKOKI AKTIBOA NINTZEN UNIBERTSITATEAN, ETA HORI KOLONBIAN ARRISKUTSUA DA"
Zergatik erabaki zenuen azkenean Europara migratzea?
Unibertsitatera sartu nintzen 16 urte nituenean, eta Zuzenbide ikasketak egiten hasi nintzen. Politikoki aktiboa nintzen, eta hori han arriskutsua da. Alvaro Uribe Velez eskuin muturreko presidentea zegoen agintean; finantzazio handia zuen AEBen aldetik, eta gerra piztu zuen herrialdearen barruan. Edozein ekitaldi politiko, sozial edo sindikal gerrilarien ekintza gisa hartzen zen. Bere burua ezkertiartzat aurkezten zuen edozein pertsona erailtzen zuten. Ikasleok borroka bat hasi genuen hezkuntzako erreforma kontserbadore baten aurka, eta ikasleen mugimenduko ordezkari izendatu ninduten. Mugimenduko kide batzuk erail zituzten ordurako, eta ni mehatxatu ninduten, nire jarduna hasi besterik egin ez zela. Garai hartan gobernuko paramilitarrak hirietara iritsi ziren, eta gerra hirietan ere ematen ari zen, estatuarekin ados ez zegoen edozeinen aurka.
Nola atera zinen Kolonbiatik?
Nire garai hartako bikotekidea Valentziakoa zen, eta egoera ikusita, Kolonbian ezkontzeko erabakia hartu genuen, ni Espainiara joan ahal izateko eta han salbu egoteko. Bost urtez egon nintzen Valentzian, eta nire semeaz erditu nintzen.
Nola iritsi zinen Arrasatera?
Dibortziatu ondoren etorri nintzen, semearekin. Ostalaritzan lanean ibili nintzen urte batzuez, eta gero administrazio ikasketekin ere hasi nintzen, ezin baitzizkidaten Kolonbian egindako ikasketak homologatu. Horren ondoren, administrazioko unibertsitate gradua atera nuen, eta masterra egiten ari naiz orain.
Nolakoa izan zen zure lehen kontaktua Europarekin?
Ez zen hain zaila izan, esan bezala, bertako pertsona batekin etorri nintzelako. Paperak eta erresidentzia baimena ere baneukan, eta horrek asko erraztu zizkidan gauzak. Niretzako gogorrena Euskal Herrira etortzea izan zen. Hemen sentitu nintzen etorkin benetan, batez ere bakarrik nengoelako. Hemen aurre egin behar izan nion migratzaile bizitzari, eta bakarrik egoteari, norberaren familia hurbil izan gabe.
Pentsatu zenuen sorterrira buelta egitea?
Bai. Hasierako urte horietan, Valentzian nengoenean, nahi nuen bakarra Kolonbiara bueltatzea zen. Ez nintzen erraz ohitu gastronomiara, ezta jendearengana ere. Orduan bueltatu nintzen Kolonbiara, eta konturatu nintzen nolakoa zen nire hango auzoa, baita bertako bizimodua ere. Ohartu nintzen nire semearentzat arriskutsua zela, eta ez neukala bizimodua aurrera ateratzeko aukera handirik bertan.
Moldatu zinen gero Europako bizimodura?
Euskal Herrira etorri nintzenean etxean sentitu nintzen, babestuta. Oso herrialde interesgarria iruditzen zait, oso aberatsa. Kulturartekotasuna askoz gehiago errespetatzen dela uste dut.
"ERREGULARIZAZIOAK EMATEN DIGU OINARRIZKO ESKUBIDEETARA SARBIDEA"
Amerika elkartea sortu zenuen gero Arrasaten.
Bai. Nire amak ere, ni heldu eta urte gutxira migratu zuen hona, baina berak arazo asko izan zituen paperak lortzeko, eta, beraz, baita beste guztirako ere: etxea, egonkortasuna, lana... Azkenean, 2018an bueltatu zen Venezuelara, baina jazarpen politikoa jasan zuen, eta hona bueltatu zen berriro ere, asilo politikoa eman ziotelako. Baina paperik gabe egon zen garai hartan modu gordinean pairatu zuen migrazio prozesua egiten duten gehienek pairatzen duten egiturazko indarkeria, eta migratzaile izateak dakartzan desabantailak. Zaintzaren sektorean lan egin zuen, eta oso egoera prekarioa zeukan. Lanean bere egoeraz probesten ziren esaterako. Horrelako egoerak ohikoak zirela ikusita, pentsatu genuen ondo legokeela antzerako egoerak bizi zituzten beste batzuei laguntzea, bere egoera hobetu zenean.
Zer egiten duzue elkartean?
Hasierako ideia zen elkar laguntzea, eta esaterako, erregularizatzeko beharrezko pausoak ematea. Bestalde, bertako jendearekin ere zubiak eraiki nahi genituen, eta euskararen garrantzia nabarmendu, eta kooperatiba bat sortzeko ideia ere bazegoen hor. Eta hasieran ideia guzti horiek genituen arren, laster ikusi genuen errealitatea bestelakoa zela, eta gure komunitateak zeuzkan arazoak beste batzuk zirela. Nahi dutena eta behar dutena bizirautea da, eta beste guztia bigarren plano batean geratzen da. Oso kasu larriak heltzen zaizkigu, eta askotan ezin diegu aurre egin.
Nolako kasuak iristen zaizkizue?
Batzuek ezin dute lanik egin, beste batzuek indarkeria asko bizi izan dute hona etorri aurretik: indarkeria matxista, bortxaketak, kaleko indarkeria, gerrak... eta guk ezin diogu guzti horri aurre egin. Batzuek ez daukate lo egiteko lekurik. Gehienak emakumeak dira, oso istorio gogorrekin, beraien familiak jatorrizko herrialdean utzi dituztenak. Beraz, konturatu ginen pertsona migratzaileei ez zitzaiela interesatzen hitzaldi batera joan edo euskara ikastea; lo egiteko leku bat eta jatekoa nahi dute. Eta egonkortasun bat zein oinarrizko beharrak beteta ez dituzten artean, horrela izango da. Normala da atzerritik datozen pertsona horiek hona ez egokitzea; indarkeria asko jasan dutelako hona etorri arte, eta hona heltzean ere estatuaren aldetik indarkeria gehiago jasaten dutelako. Etorkinek ez badaukate oinarrizko baldintzarik, integrazioa oso zaila da. Uste dut instituzioek kontutan eduki beharko lituzketela indarkeria horiek guztiak. Eta uste dut horiek mozteko pauso garrantzitsu bat erregularizazioa dela, oinarrizko eskubideetara sarbidea ematen diguna delako.
Euskara eta kuadrillak, gainditzeko zailak
Bakardadea da Castrori gehien eragin dion arloetako bat migratzeko garaian. Euskal Herria gustuko du, baina adierazi du ez dela erraza hemen lagunak egin edo jendea ezagutzea: "Hemen bakoitzak bere lagun kuadrilla du, eta ez da erraza izaten horietan sartzea". Euskara jakitearen garrantzia ere azpimarratu du, baina, era berean, nabarmendu du integratzeko orduan oztopo izan duela askotan: "Ez da beharrezkoa euskara jakitea hemen bizitzeko, baina, adibidez, hemengo kuadrilletan sartzeko orduan, ez duzu ezer ulertzen, eta, bestela, norbaitek ibili behar du itzultzaile-lanak egiten. Kuadrilletan sartzea asko zailtzen du horrek". Hala ere, uste du herrialde "aberatsa" dela: "Oso herrialde interesgarria iruditzen zait, oso aberatsa. Kulturaartekotasuna askoz gehiago errespetatzen dela uste dut".