Minutu bateko isilunearekin hasi dute Mondra eta Anaitasunaren aurkako partidua gaurkoan Mojategin, aste honetan, hilaren 7an, hil den Jesus Mari Aranbarri, Mondrako, Alaveseko eta Realeko jokalari ohi garagartzarra, omentzeko asmotan. Ondoren ekin diote norgehiagokari bi taldeek.
Hasi eta lehen minutuan, Adiran Fernandezek, Mondrako jokalariak, hegaletik eginiko jokaldi bati esker, Iker Perezek lehendabiziko gola sartu du arrasatearren alde, eta 1-0ean jarri da markagailua hasieratik. Ondorengo minutuak, alabaina, nahiko berdinduak izan dira, bi taldeak aritu baitira berdintsu. Horrelakoa izan da bigarren zatia ere, parekatua, baina Gorka Mena jokalari jubenila zelaira sartzearekin batera 2-0ekoa erdietsi du Mondrak.
Jorge Davilak, Mondrako entrenatzaileak, abenduaren 2an hartu zuen Ohorezko Erregional Mailako taldea zuzentzeko ardura, eta, hain zuzen ere, gaurkoa izan da taldeak entrenatzaile berriarekin eskuratu duen lehen garaipena, berdinketan amaitu baitzituzten aurreko bi partiduak.