"Jesus Mari Arambarri Txuri-Urdin jokalari ohia hil da. 1967ko apirilaren 23an egin zuen debuta Puertollanon jokatutako partida historikoaren protagonista izan zen, Lehen Mailara igotzeko gola sartuz. 43 partidatan parte hartu zuen eta 11 gol sartu zituen. Gure doluminak familiari eta lagunei. Goian Bego". Halaxe agurtu du Realak sare sozialetan gaur Gasteizen hil den Jesus Aranbarri Otxoa (Arrasate, 1948, 76 urte). Izan ere, Garagartzakoarena izan da Realaren historian ondo gordeta dagoen gol garrantzitsuenetako bat. Arrasatekoa Mondratik fitxatu zuen Realak; denboraldiaren lehenengo zatia Sansen jokatzen egin zuen, Expositoren aginduetara, baina lehenengo taldea mailaz igotzeko borrokan zebilen, eta aurrelari faltan zeuden. Hala, Elizondo entrenatzaileak lehenengo taldera igo zuen, eta debut partiduan egin zuen aipatutako gol garrantzitsua.
Hain zuzen, kontu horien berri Josemari Velez de Mendizabalek eta Jose Ignacio Zaitegik eman zuten elkarrekin idatzi zuten Mondra, una temporada y tres futbolistas liburuan, eta gero, blogera ere ekarri izan ditu kontuak Velez de Mendizabalek, Aranbarriren kirol ibilbideari buruz luze eta zabal idatzita. Hain zuzen, Garagartzakoak liburuaren aurkezpenaren bueltan egindako mahainguruan ere hartu zuen esku, pandemia betean (2021) Jon Sagastarekin batera. Sagasta eta Aranbarri, gainera, urte berean fitxatu zituen Realak, eta zela diren kontuak, hain justu, iazko urtarrilaren 21ean hil zen Jon Sagasta.
Urteroko hitzordura ezin kalerik egin
Ohitura moduan Realeko jokalari ohiak bai Elgetan eta baita Garagartzako Leze-Txiki elkartean batu izan dira urtero, eta Jesus Aranbarrik ez zuen kalerik egiten. Topaketa horietako batekoak (2019) dira, esaterako, Aranbarrik GOIENAri emandako adierazpenak.
Jesus Mari Aranbarriren senitartekoek gaur, hilak 8, Gasteizeko Albia tanatorioan hartuko dituzte bertaratzen direnak (11:00-13:00 eta 17:00-19:00) eta bihar, hilak 9, 11:00etatik 13:00etara. Errausketa, berriz, arratsaldean egingo dute, 16:30ean, Gasteizko Albia tanatorioan (Gamarra plaza, 4).