Mondrako eta Realeko jokalari ohi Jon Sagasta hil da

Xabier Urtzelai 2024ko urt. 21a, 12:23

Jon Sagasta, Mondrak egindako omenaldian Mojategin, 2021ean.

Jon Sagasta (Arrasate, 1947) futbol jokalari ohia hil da. Sagastak Juventud Deportiva Mondragon taldean, Sansen eta Realean jokatu zuen, besteak beste. Hala, Realeko beteranoek urtero Garagartzan egiten zuten bazkarian hutsik egiten ez zuen horietakoa zen. Bada, 2020an Josemari Velez de Mendizabal historialariak eta Jose Ignazio Zaitegi Mondrako jokalari ohi eta argazkilariak idatzi zuten Mondra, una temporada y tres futbolistas liburuko protagonistetako bat izan zen.

Hain zuzen, Jon Sagastaren lagun Jose Mari Velez de Mendizabalek bere blogean eman du heriotzaren berri. Jon Sagastak UCEAn, Juventud Deportiva Mondragonen, Sansen eta Realean jokatu zuen.

Hara eta hona, futbolean jokatzen

UCEAn eta Union Deportiva Mondragonen jokatu ostean Jon Sagasta Sansek fitxatu zuen 1966ko udan, eta 1967ko abuztuan txuri-urdinen lehen taldera egin zuen salto. Eskuin hegaleko jokalaria zen, "fisikoki oso sendoa izan ez arren, lanerako adeitsua". Hala, lehenengo taldearekin Bernabeun egin zuen debuta (1967), eta beste arrasatear batekin osatu zuen denboraldi hartan hamaikakoa, Realaren historia aldatu zuen Puertollanoko partiduan gola egin zuen Jesus Aranbarrirekin, alegia. Reala lehenengo mailara igo zen orduan.

Aranbarri –ezkerrean– eta Sagasta –eskuman–, Garagartzako Leze-Txiki elkartean, 2019an.

Puertollanoko igoera lortu zuteneko Realeko jokalari ohien bazkarian –Sagasta eskuman–, 2019an.

Bada, Sagastak bost urte egin zituen Realeko jokalari moduan, baina azken hiru denboraldiak utzita egin zituen Osasunan, Racing de Ferrolen, eta Logroñesen. 1971-1972 denboraldian Realera itzuli zen, baina ez zuen minutuez gozatu eta behin kontratua amaituta, datorren denboraldian Cultural Leonesara joan zen jokatzera, eta 1975ean Ensidesa taldeak fitxatu zuen.

Hala, 1976-1977 denboraldian Hirugarren mailako Real Unionen jokatu zuen –Bigarren B mailara igo ziren–, eta azken urteotan futbol gosea asetzeko bere ekarpena egin zuen bai Mondran eta baita Aretxabaletan (UDA) ere. 

Sagastaren futbol ibilbidea Jose Mari Velez de Mendizabalek laburtu zuen bikain hemen

Hain zuzen, Arrasateko idazle eta historialariak Jose Ignazio Zaitegirekin batera 2020an idatzitako Mondra, una temporada y tres futbolistas liburuan Sagasta da protagonistetako bat. Bada, liburuak Sagastak berak, Javier Larraurik eta Jesus Aranbarrik 1965-1966 denboraldian talde sarragileari egindako ekarpena jasotzen du.

Eta liburuaren bueltan Mondragon futbol taldeak Arrasateko taldeko hiru jokalari historikoak omendu zituen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak