"Gabezia bat estaltzeko" beharretik sortu zitzaion Alberto Narro gizarte hezitzaile eta kenpo irakasleari Ave Fenix proiektua sortzeko ideia. "Kirolari apartak ditugu gurean, baina faltan sumatzen nuen haiekin patxadaz hitz egiteko ikus-entzunezko saio bat. Modu autodidaktan formatu naiz teknikoki, eta estudio batean egiten ditut elkarrizketak, aukera daukadan eta interesa pizten didaten pertsonekin", azaldu du Narrok.
Momentuz Ixa Rodriguez boxeo-irakaslea, Maider Unda borroka libreko kirolaria, Malen Osa mendi-korrikalaria eta Izar Bedia sasibaloi jokalaria gonbidatu ditu saiora. Emakume kirolariei ikusgarritasuna ematea da proiektuaren helburuetako bat, baina ez da horretara bakarrik mugatzen: "Aurrekoan, esaterako, Manu Gomez zinemagilearekin egoteko aukera izan nuen, eta laster, misterioan aritua den Enrique Etxezarra etorriko da".
Elkarrizketek duten gauza bitxietako bat da kontu paranormalei buruzko galderak ere egiten dituela. "Gai hori oso gustuko dut eta kuriositatea pizten dit besteen iritziak. Baina bestelako galderak ere egiten dizkiet: nolakoak ziren txikitan, haien ibilbidea, gustuak, afizioak... Azkenean, ekarpen handia egin dezaketen eta eredu diren pertsonak gertutik ezagutzea da bilatzen dudana", aipatu du Ave Fenix-en sortzaileak.
Hazten eta hobetzen doan saioa
Harremanetan jarri den erreferenteen artean daude Hodei Jainaga pertika jaurtilaria eta Udane Ostolaza harri-jasotzailea. Arrasatera etorrita, hainbat izen datozkio burura, gustura gonbidatuko lituzkeenak: "Aitor Lopez Rekarte, Mikel Gonzalez, Maialen Axpe, Maialen Gallardo, Yaman Diamante, rapean aritzen diren gazteak, Europako txapeldun izan diren Dragoi gimnasia taldekoak... Eta Idoia Asurmendi aramaioarra ere radarrean daukat. Azkenean, hemengo jendea ezagutarazteko proiektua da".
Lehenengo saiotik argitaratu duen azkenengora hobekuntza teknikoak txertatu dituela gehitu du. "Hasieran ez nuen sarreratxorik egiten, argazki eta off ahotsarekin, eta orain bai. Kamera aurrean nola egon, planoak gertuagotik grabatu... Inguruko jendeak egin dizkidan iradokizunak dira eta kontuan hartzen ditut", azaldu du. Nabari da pasioz egiten duen proiektua dela." Adibidez, ilustrazio pertsonalizatuak oparitzen dizkiegu orain, norbere lanbidearekin lotutakoak".
Ave Fenix-en edukiak ikusi eta entzuteko, Instagram-en (avefenix_podcast2024), Youtube-n eta Ivoox-en saltseatu.