Kargua hartu zuenetik bi berdinketa lortuta eta Gabonetako etenaren ostean, puntuak pilatzen hasteko ilusioa eta gogoa transmititu die jokalariei Jorge Davilak (Arrasate, 1978). Zapatu honetan, Anaitasuna jasoko dute Mojategin, 16:30ean; asteotan egindako lana zelaian islatzea dauka begiz jota.
Aloñaren aurkako porrot mingarriaren ostean iritsi zinen aldagelara; nola aurkeztu zinen jokalarien aurrean?
Lasaitasunetik eta konfiantzatik hitz egin nien, argi baitaukat bolada ona harrapatzeko argudioak egon badaudela. Udan inor gutxik esango zuen orain egoera honetan egongo ginenik. Edonola ere, klubak Xuban Epelde entrenatzailearen ordezkoa bilatzeko erabakia hartu zuen, kategoria galtzeko arriskua ikusi zuelako. Sailkapenean azken hirugarrenak gaude orain; beraz, aurrerapausoa ematea da epe laburreko helburua. Erronka hori ilusio eta lanarekin lortuko dugu, gogor saiatuta. Hemendik eta denboraldia bukatu arte, itzuli oso bat gehi bi partidu geratzen zaizkigu; hortaz, badugu salbazioa lortzeko eta denboraldia lasai bukatzeko astia eta gaitasuna.
Zertan hobetu behar da partiduak irabazteko?
Konfiantza kolektiboa berreskuratu beharra daukagu. Iaz, Preferente Mailan nahi bezala aritu zen talde hau, eta, jokalari batzuk aldatu diren arren, blokea mantendu egin da. Denboraldi hau ondo hasi zuten, baina partiduek ihes egiten zuten gero, gol bakarreko aldearekin sarri, eta dinamika txarrean murgildu zen taldea. Orduan agertzen dira urduritasuna, beldurra...
"ZELAIAN AUSARDIA HANDIAGOAREKIN JOKATZEKO ESKATU DIET JOKALARIEI"
Duela bi denboraldi gertatu zena errepikatzeko mamuak...
Nahi eta nahi ez, azken jaitsierako mamuak agertzen dira. Minduta daude jokalari asko eta min hori energia bihurtzen saiatu behar dugu. Hori kudeatzen gabiltza. Gu oso positibo agertu gara lehenengo egunetik. Maila mentalean eman behar dugu aurrerapausoa, astez aste lan intentsoa eginda. Jokalari onak dauzkagu, eta ausardiaz jokatzeko eskatu diet, norbere buruarengan eta ondokoarengan konfiantza osoa izateko. Kolektiboki golera heltzeko ahalik eta aukera gehien sortzean daukagu burua; zelaian dauden hamaika jokalariek lortzen dute hori, atezainetik aurrelarira.
Zure bigarren aroa izango da Mondraren aulkian, 2017tik 2019ra bi denboraldi eta erdi egin baitzenituen; azken bost urteotan pista galdu dizugu apur bat...
Esango nuke duela bost urte baino esperientzia handiagoko entrenatzailea naizela. Eboluzionatu egin du futbola bizitzeko nire moduak. Mondratik irten nintzenean aukera ikusi nuen Madrilen Taldeen Zuzendaritza, Entrenamendua eta Metodologia Masterra egiteko, eta oso esperientzia polita eta onuragarria izan zen. Gero, Eibarrek fitxatu ninduen, eta hiru urtez jardun dut Gazte mailako Nazional Ligako taldearekin. Ikasteko aukera handia eman dit, egitura profesionalago baten baitan, exijentzia ere handiagoa zelako.
Eta iazko udan etxera buelta berriz.
Eibarko egonaldiak ez zuen aurrera jarraitu, eta Mondran laguntzeko aurkeztu nuen neure burua. Izan ere, lehen etapan lagun asko egin nituen, eta kanpoan egon naizenean ere beti izan dut begi bat klubean jarrita. Alebinekin eta kadeteekin aritu naiz abuztutik abendura. Orain, kadeteak zuzentzeari utzi diot, eta buru-belarri nabil seniorrekin.
Aldamenean ere etxeko jendea daukazu.
Laguntzaile dabil Aritz Uribesalgo, eta gazte mailako entrenatzaile lanekin uztartzen du eginkizuna. Beharrezko lana egiten du lehen taldean. Uxue Ezpeletak jarraitzen du fisioterapeuta eta Gorka Ibarguenek delegatu. Jende ona daukagu klub barruan, eta, entrenatzailea aldatu arren, gainontzekoek lehengo karguetan dihardute.
Zer-nolako entrenatzailea zarela esango zenuke?
Oso pasionala naiz, pasioak eta ilusioak mugitzen naute. Ia kategoria guztietatik pasatu naiz Mondran, eta Eibarren hasi nintzenean jabetu nintzen saiatu behar nuela kirol arloari denbora gehiago ematen. Esaterako, Realarentzako egiten ditut koordinazio lan batzuk. Bestetik, lanbidez arkitektoa naiz, jarraitzen dut horretan ere. Hori esanda, eta entrenatzaile hasi nintzenetik urteak pasa diren arren, futbolarekiko dudan ilusioak eta pasioak berdina izaten jarraitzen dute.
Eta zure taldeei zer eskatzen diezu gehien?
Partiduak galdu edo irabazi ditzakezu, baina nik nahi dudana da taldeak zelaian partidua irabazteko eta ez galtzeko gauzak egitea, ahalik eta minutu gehienetan eta ahalik eta intentzio handienarekin. Nire lana hori da. Hori, eta momentu honetan kontu taktiko eta futbolistiko urgenteenei heltzea. Ea prozesu honek noraino eramaten gaituen. Epe luzeagora begira, gustatuko litzaidake Mondrak joko-molde bat transmititzea momentu oro zelaian. Baina esandakoa, orain garrantzitsuena puntuak pilatzea da. Ea denboraldia amaitzen denean tonu alaiago batean egin dezakegun elkarrizketa, seinale ona izango da, ziur.