Urtea hastearekin batera eta 2025eko aurrekontua hasieraz onartuta, hori exekutatzeko plangintza egiteko bilera egin du gaur EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek osatzen duten Arrasateko Udal Gobernuak. Maider Morras alkateak azaldu du kudeaketa "efikaza eta gardena" burutzeko "ezinbestekoa" dela gaur egin duten plangintza bilera.
Bilera amaitzean jakitera eman dutenez, bi proiektu "nagusiren" hasiera izango da 2025a: Iturripe kiroldegia eta Amaia Antzokiaren berritzea. Iturriperi dagokionez, udazkenerako proiektua idatzita egotea aurreikusi dute, eta behin proiektu hori jendaurrean aurkeztuta, obrak urte amaierarako hastea.
Amaia Antzokiaren berritzearekin lotuta, proiektuaren idazketa neguan zehar esleitzea da helburua. Udazkenerako proiektua idatzita izatea aurreikusten du Udal Gobernuaren plangintzak eta obrak, urte amaierarako esleitzea. Antzokia itxita dagoen bitartean bertan egin ohi diren ekintzendako kokaleku alternatiboak ere jaso dituzte plangintzan. Zentzu horretan, zehaztu dute Udalaren baliabide diren Musika Etxea edota Kulturate erabiltzeko aukera egongo dela; baita, hitzarmen berezien bidez Udalarenak ez diren beste eraikin batzuk aztertzeko aukera ere.
Politika sozial eta komunitarioak
Politika sozial eta komunitarioei dagokienez, plangintzan jaso dute, besteak beste, urtarrilean osasun mentalaren diagnosian sakontzeko galdetegia herriratzea eta udaberrian, Eusko Jaurlaritzari Arrasate Bizitegi-Merkatuko Tentsio Handiko Eremu bezala izendatzeko eskaera eta dokumentazioa bideratzea. Ekainerako, Arrasateko LGTBI+ diagnosia eta ekintza planaren emaitza ezagutzea da asmoa eta urte amaierarako, Etxe Feminista berriaren proiektua idatzita izatea.
Auzoetako esku-hartzeak
Auzoetan egingo diren lanen artean, Santa Teresa - Doneztebe Portuko berrurbanizazio lanak udazkenean amaitzea aurreikusi du Udal Gobernuak eta Altamirako Jose Luis Iñarra pasealekuaren berrurbanizazio lanak abenduan bukatzea.
Lanak udazkenean hasteko, urtarrilean hasiko dira Grupo San Juan auzoaren berrurbanizazio proiektua idazten. Udala baserri auzoko aparkaleku berriak eta berrurbanizazio lanak, bestalde, urte amaieran lizitatzea da asmoa, 2026 hasieran obrekin hasteko.
Uribarriko berrurbanizazio proiektua berridazteko abiapuntua, bestalde, udazkena izango da eta Gorostiza auzoko igogailuaren proiektua urte amaieran idatzita egotea aurreikusi dute.
Parte-hartze prozesuak
2025an herritar guztiei eragiten dieten hainbat ordenantza eta arau berrituko direla argudiatuta, arrasatearren ekarpenak jasotzeko hainbat parte-hartze prozesu ere egingo dituzte. Hala, urteko lehen hilabeteetan taberna eta jatetxeen terrazen ordenantzaren lehen zirriborroa aurkeztuko zaie ostalari eta herritarrei, eta asmoa da ordenantza hori, lehen aldiz idatziko dena, lehen seihilekoan onartzea. Udaberrian zehar abiatuko dute, bestalde, TAO sistemaren berrikuspena egiteko auzoz-auzoko parte-hartze prozesua.
Iragarri dute baita ere Hiri Antolamendu Plan Orokorra (HAPO) berridazteko prozesua fase berri baten sartuko dela 2025ean, eta zentzu horretan, zehaztu dute zarataren mapa, esaterako, urtarrilean aterako dela jendaurrean herritarren parte hartzerako. Irisgarritasun unibertsalerako plana, azpiegitura berdeen plana, eraikigarritasun azterketa eta genero ikuspegiaren plana, "progresiboki" aterako dira urte osoan zehar.
Era berean, 2025eko lehen hilabeteetan emango diote hasiera tokiko komertzioa suspertzeko parte-hartze dinamikari.
"Herritarrekin hartutako konpromisoa"
Iazko otsailean aurkeztu zuten 2023-2027 Gobernu Plana "herritarrekin hartutako konpromisoa" dela iritzita, Arrasateko Udal Gobernutik iragarri dute azken urtean izandako betetze mailaren berri emango dutela udaberrira begira eta hori herritarrekin partekatuko dutela.