Mozambikeko proiektua 2002tik dago martxan eta horri buruzko xehetasun guztiak azalduko ditu Lamasek egueneko solasaldian. "Proiektuaren alderdi ekonomikoak, sozialak, lankidetzakoak, ezagutzakoak, lanekoak, generokoak, eta abar ezagutuko ditugu", diote Harremanetik.
Proiektuak batez ere gizaki ororen lehen premia bermatzen duela azaldu dute: elikadura. "Nekazaritza-teknikak hobetzeko aukera ematen die, bizi-kalitate hobea emango duten ekonomia txikiak sortzeko helburuarekin. Hori guztia gizarte-eraldaketaren ardatz gisa lan eginez". Hala eta guztiz ere, "miseriatik pobreziara igarotzeko bidean lanean" dihardu Mundukidek, "inguru horietan bizi duten egoeraz" hausnartzea eskatuz.
15.000 nekazari familia baino gehiagori laguntzen diete nekazaritza-teknikei buruzko prestakuntzan eta laguntzan, "ekoizpena areagotu dezaten eta haien bizi-kalitatea hobetu dezaten". Aurten, 20.000 nekazari familiatara iritsi nahi dute laguntza horretan.