Urteroko ohiturari eutsiz, AED elkarteak bertso jaialdia antolatu du aurten ere santamasetarako. Hala ere, aurten ekitaldia Juan Arzamendi Musika Etxeko auditoriumean egingo dute, Amaia antzokian beharrean. Bihar, zapatua, santamas bezperan, 19:30ean emango diote hasiera saioari.
Itxaro Artolak, AEDko dinamizatzaileak, adierazi du aldaketaren arrazoia: "Amaia antzokia handi geratzen zen. Juan Arzamendi Musika Etxeko espazio berriak giro goxoagoa eta gertukoa sortzeko aukera ematen du". Artolak esan du aldaketa-proba bat izango dela, baina aurrez izandako esperientziagatik badakitela publikoak espazioa beteko duela.
Aurten, belaunaldi askotariko lau bertsolari igoko dira oholtzara: Andoni Egaña, Alaia Martin, Ane Zuazubiskar eta Aitor Tatiegi. Artolak dio AED elkartea beti saiatzen dela "maila handiko bertsolariak" gonbidatzen. Haien artean, Alaia Martin Gipuzkoako txapelketako irabazlea nabarmentzen da.
Artolak adierazi du Gipuzkoako txapelduna gonbidatzea ez dela kasualitatea izan: "Ez da kasualitatea izan. Guk usaimen ona dugu. Alaia Martin aukeraketa aproposa izan zen, hasierako saioetatik nabarmendu zelako". Lau bertsolariek Olatz Zuazubiskarrek jarritako gaiei erantzunez jardungo dute.
Herriko eta eskualdeko bertsolariak ekartzen saiatzen direla azaldu du Artolak: "Gaur egun, plazaz plaza dabilen arrasatear bakarra dugu Ane Zuazubiskar". Aitor Tatiegi oñatiarrarekin batera hartuko du eskualdeko lekukoa Zuazubiskarrek.
Bertsolaritza Arrasaten
Artolak azpimarratu du jaialdi hori konpromiso bat dela herriko bertsozaleekiko, eta adierazi du azkenaldian Arrasaten bertso saio gehiago egin diren arren, santamas jaietako programa osatzerakoan bertsoak presentzia "oso garrantzitsua" duela: "Arrasate ez da oso herri bertsozalea. Baina badago oso leiala den publiko bat, urtean egiten diren saioetara etortzeko irrikan egoten dena". Publiko zehatz horren beharrei erantzuteko ardura du AEDk.
AEDk urtero bi bertso saio antolatzen ditu: santamasetakoa eta sanjuanetakoa; betiere, bertsolari profesionalek osatzen dituztenak. Santamas bezperan izateak berebiziko garrantzia duela azaldu du Artolak: "Euskal jai bat izanik, bertsoen presentzia santamasen tradiziozko giroa osatzeko ezinbesteko elementua da".
Online sarrerak
Sarrerak hamar euren truke eskuratzeko aukera egongo da, agortu arte, arrasate.eus webgunean.