Abenduaren 21ean, artzain txakurren erakustaldi didaktikoa egingo dute Kondekuan (Monterron), eta 12:30ean emango zaio hasiera. Gipuzkoako Artzain Txakur Elkartearen (GITAE) laguntzarekin, Jose Ramon Garcia artzain sodupearrak gidatuko du ekitaldia.
Garciak azaldu duenez, erakustaldia ez da ohiko lehiaketa baten modukoa izango, zelai txikia delako. Edozelan ere, artzain txakurrak trebatzeko prozesu osoa bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da.
Artzain txakurrak trebatzeko prozesuaren berri emango dute; gazteenen sena nola indartzen den, oinarrizko aginduak nola ematen diren, txakurrek artzaintzan duten garrantzia eta bertako arrazaren ezaugarriak eta zaintzearen garrantzia azalduko dituzte.
Ekitaldian hainbat adinetako txakurrek parte hartuko dute: hiru hilabete eskas dituen txakur batek, baina baita heldu trebatuek ere. Txakurkumeekin lehen urratsak egingo dituzte, eta instintua lantzen hasiko dute ekitaldia. Helduenekin, ordea, artaldea gidatzeko gaitasuna ikusi ahal izango da.
Artzain txakurrak
Erakustaldiaren bidez bertako artzain txakur arrazen garrantzia nabarmendu nahi dute; bereziki, desagertzeko arriskuan dauden iletsu eta gorbeia arrazak.
Garciak esan du arrazoi kultural eta historikoekin lotuta balio handiko txakurrak direla, eta beste arraza batzuekin alderatuta lan-gaitasun bikaina eskaintzen dutela azpimarratu nahi izan du.
"Artzain txakurrek instintu handia dute, baina trebakuntzarik gabe ezin dute lan egokirik egin", azaldu du Garciak. Gainera, erakustaldian txakurren sena, arauak eta joko moduko entrenamenduak nola uztartu eta haien gaitasunak modu naturalean nola garatzen diren ikusteko aukera egongo dela esan du.
Ekitaldi horrek, beraz, artzain txakurren trebakuntza prozesua eta bertako arrazen ondare kulturala ezagutzeko aukera eskaintzen du.