Goierri Garaia taldeko korrikalaria da Iban Delgado (Arrasate, 1996), eta, santamas krosa irabazi berritan, 2025eko helburuei begira jarri da dagoeneko arrasatearra. Errepideko lasterketetan ibili ohi da, baita krosetan ere, baina urte berrirako helburua sekula probatu ez duen modalitate baterako prestatzea da: Arrasate-Udalatx mendi lasterketarako.
Hainbatetan podiumean egon eta gero, garaipena santamas krosean; zer sentitu zenuen?
Egia esan, poza sentitu nuen. Betidanik izan dut buruan santamas krosa irabaztea, eta aurten lortu dut. Oso polita da herrian irabaztea, lagun artean.
Nolakoa izan zen lasterketa?
Lasterketa hasi bezain laster, erritmo azkarra ezarri genuen korrikalariok, eta buelta txikiaren ostean hiru pertsona bakarrik gelditu ginen. Hirugarren kilometrora arte hirurok joan ginen, baina Arbolapetan erritmoa aldatu eta bigarrenari 10 edo 15 metro inguru atera nizkion. Handik aurrera, nire estrategia distantzia hura mantentzea izan zen, eta, azkenengo bueltan, indartsu nengoenez, erritmoa apur bat igo nuen, irabaztea lortu nuen arte.
Goierri Garaia taldean zabiltza; noiztik? Nolako esperientzia izaten ari da?
Goierri Garaian 2019ko urrian hasi nintzen, baina gero, COVIDa etorri zenez eta etxean egon behar izan genuenez, serio entrenatzen 2020an hasi nintzela esango nuke. Esperientzia aldetik oso positiboa izaten ari da, nire entrenatzailearengandik eta nire taldekideengandik asko ikasten ari naiz; ostiraletan, batzuetan, Zumarragako pistan ibiltzen gara, eta sekulako giroa egoten da. Horrez gain, Espainiako Kros Txapelketan, batzuetan, taldeka ere parte hartu izan dugu, eta esperientzia horiek oso aberasgarriak izaten dira. Endika Donnay ere, nahiz eta Arrasatekoa izan, taldean ezagutu nuen, eta gaur egun oso lagunak gara.
Zenbatean begin entrenatzen zara? Exijentzia-maila handia eskatzen dizu?
Ia egunero entrenatzen naiz, asteko zazpi egunetatik seitan. Astearen arabera, karga-asteetan egunero entrenatzen naiz, eta, lasterketa izanez gero, 5 edo 6 egun. Egia esan, exijentzia-maila handia eskatzen du, baina gustatzen zaidalako eta disfrutatzen dudalako egiten dut. Ez da bakarrik entrenatzea, osasuntsu eta zentzuarekin jatea ere bada, eta hori ez da gutxi kostatzen. Batzuetan, nire izaeragatik, neure buruari asko exijitzen diodala uste dut, baina tira, horrelakoa naiz.
Errepideko lasterketetan ibiltzen zara? Ala beste modalitate batzuetan ere jokatzen duzu?
Bada, denetik egiten dut: neguan krosak eta errepideko lasterketak egiten ditut; otsailetik maiatzera hamar kilometroko lasterketetan zentratzen naiz; eta ekainean pista egitea gustatzen zait. Bost kilometroko lasterketak, normalean.
Urte berria hastearekin batera, zeintzuk dira helburuak? Badago begiz jota duzun lasterketarik?
Hasierako helburua hamar kilometrokoetako marka hobetzea izaten da. Donostian eta Laredon hartzen dut parte halako lasterketetan, baina Arrasate-Udalatx hartuko dut helburu; ez dut sekula mendiko lasterketarik egin, baina aurten hori egitea sartu zait buruan. Orain, ebakuntza bat dela eta, denbora batean atseden hartu beharko dut, eta nire etxeko, Musakolako, San Silvestre lasterketa galduko dut, tamalez. Sendatu bezain pronto, gorputzak errespetatzen banau, lau hilabetez mendian entrenatuko naiz, apirilean Arrasate-Udalatx egiteko asmoz, eta gero, ikusiko dugu.