Aretxabaletako Galartza auzoko Zaloña Aurrekoa baserritik eramango dute, beste urte batez, Arrasatera, santamasetako azokara, eguneko protagonista; hau da, Portaloian ikusgai izango den txerria. Zaloña Aurrekoa baserrian hazi dute Luis Mari eta Ibai Alberdi aita-semeek, eta aurten Gurutze izenarekin batailatu dute Arrasateko Santamas Komisiñoko kideek; euskal txerria, iberikoarekin nahastutako arrazakoa dela dio Ibai Alberdik; mestizoa, 250 kilo inguru dituen animalia ederra.
Txerri mestizoa
"Aurten, hiru txerri genituen baserrian; Santamas Komisiñoko kideak etorri ziren, honako hau gustatu zitzaien, eta aukeratu egin zuten egunerako. Gurutze izena jarri diote; euskal txerria zuen ama; aita, berriz, iberikoaren eta durocaren arteko nahasketa. 2017an hasi ginen txerria eramaten Arrasateko azokara. Ordutik hona, guri eskatu digute, urtero, eta gu ere beti izango gara prest txerria eramateko", dio Ibai Alberdi baserritarrak. Gaineratu duenez, txerriaren heztean ez dute sekretu handirik. Izan ere, elikadurari dagokionez, batez ere pentsua jaten du. "Txahalaren pentsua jartzen diogu, eta gero, etxeko soberakinak, gutxi gehiago. Orain dela gutxi kendu dizkiogu kumeak, eta errekuperatze fasean dago txerria".
Aurkezpena, bihar
Urtero moduan, Portaloira eraman aurretik, txerria aurkeztuko dute herritarren aurrean, eta, beraz, zapatuan, 19:00etan izango dute interesdunek txerria ikusteko aukera, Herriko Plazan. Domekan, berriz, Portaloian izango da txerria, urtero moduan.
"Jendeak ezagutzeko eramango dugu Arrasatera, baina kontuz aritzeko gomendioa egin nahiko nuke. Lasai utzi behar zaio txerriari; izan ere, animalia guztien moduan, zirikatu egiten badute, berotu egiten dira. Ganadua eta abereak ere egongo dira, eta gomendioa animaliak ez ukitzea da, urduritu ez daitezen, eta baserritarrei lana errazteko".