Arrasateko Udalak dagoeneko publikatu ditu Aratusteetako kartel lehiaketarako oinarriak. "Lanak originala izan beharko du eta kartela osatzeko teknika librea izango da. Parte-hartzaile bakoitzak, beraz, nahi eran egin ahal izango du kartela", azaldu dute udal ordezkariek.
Badira, ordea, errespetatu beharreko oinarri batzuk. Esaterako, kartelak nahitaez bertikala izan behar du eta Aratusteen ezaugarri edo adierazle bat jasotzeaz gain, honako testu hau ere jaso beharko du: 2025 Inauteriak Arrasate.
Neurriari dagokionez, eskuz egindako kartelen neurriek 50 x 70 zentimetrokoak izan behar dute, eta euskarri informatikoan (Pen Drive edo CDan) aurkezten dutenek gutxienez Din A3 tamainako paperean ere inprimatuta aurkeztu beharko dute. Egilearen nortasuna azaldu gabe eta atzealdean lema bat duela aurkeztu behar dira kartelak guztiak. Horrekin batera, gutun-azal itxi batean lema bera eta egilearen datuak adieraziko dira.
Lanak urtarrilaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dira BAZen –15:00ak arte–. Irabazlea epaimahai bitartez aukeratuko dute eta 400 euroko saria jasoko du hark.