Euskadi Brass-ek, Alberto Urretxok gidatuta, kontzertua jo du Arrasate Musikaleko ikasleekin batera

Hasier Larrea 2024ko abe. 15a, 13:01

Juan Arzamendi Musika Etxea goraino bete da kaleratu berri duten 10 urte diskoaren aurkezpena bertatik bertara jarraitzeko. Arrasate Musikalek antolatu du ekitaldia eta eskolako tronpeta ikasleak eta Metal taldea ere igo dira oholtzara.

Alberto Urretxo tronboi-jole arrasatearrak eta Oscar Abella tuba-jole segoviarrak sortu zuten Euskadi Brass taldea duela hamarkada bat, eta ibilbide musikal hori jasotzen duen diskoa aurkeztu dute brass musikariek JAMEko auditorioan. Piezak interpretatzen hasi aurretik, tamalez, minutu bateko isilunea egin dute taldeko kidea zen Didierren omenez, eta segidan Agur Jaunak-en moldaketa bat eskaini diote lagunari. Jarraian etorri da 10 urte diskoa irekitzen duen Juan Arzamendi Musika Etxea izeneko fanfarria, Beatriz Arzamendik konposatua.

Emanaldiak hainbat berezitasun izan ditu, Urretxok nabarmendu bezala, "ikasleen eta profesionalen arteko elkarbizitza" adierazteko. Hala, tronpeta ikasten ari diren neska-mutilek batetik, eta Arrasate Musikaleko Metal Bandak bestetik, hainbat abesti jotzeko aukera izan dute. Bukaeran den-denak igo dira oholtzara.

Ikasleak eta profesionalak, batera

Halako topaketak egitearen garrantziaz jardun du Urretxok: "Guretzako inportantea da, kontzertuak emateaz gain, tailerrak eta topaketak egitea. Adibidez iaz tronpeta topaketa bat egin genuen Arrasaten. Gaztetxoei begirako ekintzak dira, instrumentuak erakutsi, probatu, tailerrak eta hitzaldiak eman, bazkaldu... Oso aberasgarria da bi munduak elkartzea, profesionala –orkestretako jendea– eta gaztetxoak.

Ildo horretan, kontzertuaren aurretik gurasoentzako hitzaldi bat egin dute,   seme-alabei musika ikasten laguntzeko gakoak azalduta. Zera gaineratu du Euskadi Brass-eko zuzendariak: "Arrasaten jende dezente dabil metalezko instrumentuak ikasten. Gurekin 30 ikasle egon dira oholtza gainean, zerbait ondo egiten gabiltzan seinale".

Diskoa, hiru ataletan

10 urte diskoak taldekideek erabiltzen duten literaturari buruz hausnartzen du, eta hiru zatitan banatuta dago: "Bata da gure oinarria, guk jotzen ditugun piezak, konposatzaileek egiten dizkigutenak. Bigarren zatian Philip Jones Brass taldea omentzeko sweet batzuk daude; talde hori aitzindaria izan zen 70 eta 80ko hamarkadetan, eta literatura asko garatu zuten. Azken zatia, berriz, musika folklorikoarekin lotuta dago, Karpatoetatik Euskal Herrira deitzen da; besteak beste, Bartók-en Danzas rumanas eta Eneko Azparren konpositoreak guretzat sortu duen Kolore Zortzikoa grabatu ditugu hor. Pieza hori toki guztietara eramaten dugu, nongoak garen aipatzeko, gure erritmoak erakusteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak