Mugikortasun Planari ekarpenak egiteko azken astean, Udal Gobernuak parte-hartze eta informazio saioak egiten jarraitu du. Hala nola, Elmako eta Zarugalde kaleko bizilagunekin bildu da. Edozelan ere, bakoitzaren abiapuntua ezberdina izan dela nabarmendu dute udal ordezkariek. "Izan ere, Zarugalde kaleko esku-hartzea Mugikortasun Planean jasota zegoen, eta hau azaldu eta tratatzeko egin dugu bilera. Bestetik, Elman, planean jasota ez dagoen bizilagunen proposamena aztertzeko egin dugu". Biak ala biak "oso aberasgarriak" izan direla gaineratu dute.
Elmari dagokionez, aurreikusita ez zegoen proposamen bat jasotzeko egin dute bilera. "Bizilagunek auzoan duten mugikortasuna birplanteatzea eskatu dute, azken urteetan egin ziren aldaketak, hobeto aztertu eta bizilagunen segurtasuna bilatuko duen proposamen berri bat ezartzeko. Prest gaude gaia aztertu eta egin ziren proposamen ezberdinen bideragarritasuna lantzeko", diote Udal Gobernutik.
Zarugalden, hirigintza taktikoa
Bestalde, Zarugalde kaleak egun bizi duen egoera "larria" dela adierazi zioten bizilagunek Udalari, eta gai hori lantzeko elkartu dira. "Errepidea saihesbide bezala erabili ohi da eta autoak abiadura handian pasatzen direla jakinarazi ziguten. Horren aurrean, berehalako esku-hartzeak egitea eskatu zuten bizilagunek".
Udalak adierazi duenez, Mugikortasun Planeko diagnosiarekin bat dator bizilagunen pertzepzioa. "Horregatik, epe ertainean, hirigintza taktikoa baliatuko dugu Zarugalde kalean oinezkoen segurtasuna bermatzeko; izan ere, hirigintza taktikoa oso baliagarria da hirigintzan esku-hartzeak modu errazagoan egiteko, behin betiko obrak egin aurretik, hainbat proba egiteko aukera ematen duelarik", adierazi dute.
Ekarpenak egiteko aukera, hilaren 19ra arte
Abenduaren 19an, eguena, bukatuko da Mugikortasun Planari ekarpenak egiteko epea. Ordura arte, beraz, ekarpenak egin ahal izango dituzte herritarrek, modu telematikoan edo BAZen.